Iurre BIDEGAIN

"Deutsch ala Deus": baigorriar erresistentzia umoretsua

Baigorriko gazte komiteak, herriko besten karietara "Deutsch ala Deus" antzerkia eskainiko du abuztuaren 2an. Umorea gidari, Bigarren Mundu Gerlan Baigorriko erresistenteek baliza bat pasatu behar dute Erratzura, lortuko ote dute?

Abuztuaren 2an eskainiko du Baigorriko gazte komiteak antzerkia. ©Bob EDME
Abuztuaren 2an eskainiko du Baigorriko gazte komiteak antzerkia. ©Bob EDME

Asteburu huntan ospatuko diren Baigorriko besten karietara, gazte komiteak Bixente Hirigarayk idatzitako "Deutsch ala Deus" antzerkia eskainiko du. Bigarren Mundu Gerlan, Baigorriko erresistenteek misio bat dute: baliza bat Erratzura pasatzea. Erresistenteak, neutroak eta alemanak taula gainera eramanen dituen istorioan, umorea nagusi izanen da.

Baigorriko gazteek lurraldearen historiarekiko interes handia dute. Antzerkiaren idazlea den Bixente Hirigarayk esplikatu duenez, komiteak herriko historiari buruzko dokumental bat ere egin du.

"Joan-jina" deitutako ekoizpenak aspaldiko gertakizunei lotutako herritarren testigantzak islatzen ditu. "Etxeetako istorioak bildu ditugu, gazteentzat baina baita zaharrentzat ere; denek ez baitakite beste etxeetan gertatu dena", erran du idazleak.

Iragan den astean Baigorrin eskaini zuten dokumentala baina proiektua garatzeko xedea dute. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Unibertsitate herrikoiarekin elkarlanean, Hirigarayren hitzetan, "dokumentala sakonduko" dute. "Aberatsagoa egin nahi dugu, dokumentu batzuk baditugu sartzeko eta testuinguru gehiago sartu nahiko genuke. Azken helburua, DVD bat egitea izanen litzateke", aipatu du baigorriarrak.

Abentura umoretsua

Ildo horretatik segituz, besta komiteak garai hartako istorio bat egitea pentsatu zuen. "Deutsch ala Deus" antzerkiak, Bigarren Mundu Gerlan, alemanen okupazio garaian, Baigorriko erresistenteek Erratzura baliza bat pasatzeko izan zuten abentura kontatzen du.

Hirigarayren arabera, besteak beste, "alemaniarrek baliza hori trukatu eta beste faltsu bat eginen dute". "Benetako testuinguruan kokatuz, balizaren abentura umorearekin kontatuko dugu. Pixka bat beldurtua niz zaharrenek nola errezibituko duten ikusteko", azaldu du idazleak.

Abuztuaren 2an 17.00etan eskainiko du ikusgarria Baigorriko gazte komiteak. Eguraldi ona egiten badu, antzezlana plazan iraganen da eta euria baldin bada, ondoan den herriko salan emanen dute.