Iurre BIDEGAIN

Bestazale txikiak, protagonista handiak

Baionako besten bigarren egunean, bestazale txikienak protagonistak dira. 12.00etan Leon erregea iratzarri ondoren, hirian zehar antolatutako aktibitateetan parte hartzen ahalko dute.


Programa ofizialean haurrak entzierro txikian parte hartu dute. ©Isabelle Miquelestorena
Programa ofizialean haurrak entzierro txikian parte hartu dute. ©Isabelle Miquelestorena

Baionako besten lehen gaua iragan ondoren, haurrak protagonistak dira, uztailaren 30ean. Eguerdian Leon erregea iratzartzeko milaka haur bildu dira herriko etxeko plazan. "Leon Leon Leon" oihukatuz, azkenean erregea iratzarri da. 
Bere agerraldia egin ondoren, itsasketa klubean, musikan eta dantzan murgilduta diren gazteek balkoitik giltzak bota dituzte.

Bestazale txikienak ere gazte-gaztetik bestan murgiltzen dira. Programa ofizialean entzierro txikiak, erraldoien desfilea edo danborradak ikusteko parada dute. Horretaz gain, Haurren Egunaren karietara, Idoki elkarteak prestatu duen Laborarien xokoan, "Miam Idoki" janari xokoa estreinatu dute.

Goizeko 11.00etatik, 18.00ak arte Idoki etxe ekoizleek beren etxaldetako janaria eskainiko dute. Gazteenak buraso, aitatxi eta amatxirekin besta egiten ikasiko dute eta horretarako ongi jatea beharrezkoa da. "Miam Idoki" guneak lau janari formula proposatuko ditu: 4.50 euroko eta 7.50 euroko menuen artean.

Ongi jateaz gain, Idokiren xokoan Sarde-Sardexka elkarteak  haurrei zuzendutako tailer pedagogiko eta ludikoak proposatuko ditu.