Iurre BIDEGAIN

Ezantza isuriketa batek Arnegiko Errobi erreka kutsatu luke

Ezantza isuriketa batek Arnegiko Errobi erreka kutsatzen duela ohartu dira. Arazoaren iturria Luzaideko bi egoitzetatik etortzen ahalko litzateke: polizia nazionalaren komisaldegitik edo gasolindegitik. Kutsaduraren iturria aurkitzeko lanean jarraitzen dute.

 

Errobiko erreka horretatik, udan, 400.000 pertsonek edaten dute. © Gaizka Iroz
Errobiko erreka horretatik, udan, 400.000 pertsonek edaten dute. © Gaizka Iroz

Arnegiko Errobi errekako kutsaduraren arazoa ez da bukatua. Duela urte bat horren berri izan zen baina pasatzen utzi zen. Gaur egun, berriz, Errobiko Ibarraren Sindikata arazoaz ohartu da eta APRN Errobi ondoko jabeen elkarteari berri eman ondoren, iturria aurkitzeko lanak abiatu dituzte.

Luzaideko auzapeza den Fernando Alzonek isurketak Luzaideko bi egoitzetan izaten ahal lukeela jatorria esplikatu du: polizia nazionalaren komisaldegia edo ezantzategia. Nafarroako gobernuarekin batera, ikerketa lanak segitzen dituzte.

"Arazoa konpontzeko borondate sendoa dago, bai Nafarroako Gobernutik baita Herriko Etxeetatik ere", erran du Alzonek. Auzapezaren arabera, isurketa "txikia baina iraunkorra" litzateke. Iturria atzemaiteko hiru fase burutuko dituzte.

Lehen urrats batean, Nafarroako Gobernuko zerbitzuek begizko ikerketa bat egin zuten. Hau da, bi eremuetan ikuskapen sakon bat. Ondotik, iragan astean, Polizia nazionalaren egoitzan koloratzaile gisako bat bota zuen. Horrek ez zuen emaitzarik ekarri, baina Alzonen arabera denbora baten buruan ere ondorioak izaten ahalko lituzke.

Azken urratsa, hermetikotasunaren froga izanen da. Ihesa aurkitzeko, ezantza erreserbetan presioa jarriko dute. Alzonen arabera, azken froga horretarako hiru alderdien arteko akordioa lortu nahiko lukete, batez ere kostuari aurre egiteko. Hau da, Gobernua, herria eta egoitza bakoitzaren jabeen arteko akordioa.

Eraginak

Luzaideko auzapezak dioenez, duela urte bat baino gehiago komisaldegiak ezantza isuriketa bat sufritu zukeen eta baliteke horri lotua izaitea. "Ezantza horren hondarrak paretetan gelditu lirateke eta euria egitean, adibidez, ezantza hori altxatu litzateke", azaldu du Fernando Alzonek.

Errobiko Ibarraren Sindikatako lehendakaria den Jean Michel Galantek arazoaren eraginaz hitz egin du. Bere hitzetan, Errobiko erreka horretatik, udan, 400.000 pertsonek edaten dute eta neguan, berriz, 200.000 pertsonek.Horretaz gain, anitz dira bertan arrantzatzen duten pertsonak. Arriskuari aurre egiteko, bertatik ateratzen diren arrainak ez jateko gomendatu dute.