Kazeta

Euskal diaspora AEBn, Otegi eta euskal presoen askatasunaren alde

Estatu Batuetan euskal diaspora elkartzen duen Boise ospakizunaren karietara, euskaldun eta amerikarrek "Free Otegi, Free Them" kanpainarekin bat egin dute.

Fermin Muguruza, Martina Anderson (Sinn Féin) eta Brian Currin. Argazkia @zalduariz.
Fermin Muguruza, Martina Anderson (Sinn Féin) eta Brian Currin. Argazkia @zalduariz.

Estatu Batuetako euskal diasporaren eragile garrantzitsuak Arnaldo Otegi eta euskal presoen askatasunaren alde agertu dira, agiri baten bidez. Gogoratu behar da, hilabete hasieran AEBko kultura edo aktibismotik datozen eragileek ere sostengua erakutsi zutela.

Renoko Euskal Ikerketen zentroko zuzendaritzaren kideak diren Joseba Zulaika edo William Douglassekin batera, San Franzisko, Baskerfield, Nevada, Miami edo New Yorkeko euskaldunek Otegiren askatasunaren aldarrikapena egin dute.

Izenpetzaile berrien artean, Iparraldeko Amerikar-Euskaldun erakundearen zuzendaria den Steve Mendive edo Miamiko Jai Alai jokalari profesional gehienak nabarmentzekoak dira.

Hilabete hasieran, Alice Walker, James Petras soziologoa edo Noam Chomsky filosofoak ere kanpainarekin bat egin zuten. Arnaldo Otegi eta euskal presoen askatasuna aldarrikatzeaz gain, "dispertsioaren bukaera" exijitu zuten.