Kazeta

Gidaritza komiteak, lurralde kontratuaren finantzaketa aztertu du

Ipar Euskal Herriko lurralde kontratuaren finantziazioa aztertzeko, uztailaren 24an, gidaritza komitea elkartu da. Garapen eta Hautetsien kontseiluek, besteak beste, hizkuntza politikan xede berriak atzeman behar direla aipatu dute.

 

Lurralde kontratuaren gidaritza komiteak irailean eginen du heldu den bilkura. © Isabelle Miquelestorena
Lurralde kontratuaren gidaritza komiteak irailean eginen du heldu den bilkura. © Isabelle Miquelestorena

Lurralde kontratuaren gidaritza komitearen karietara Estatua, Eskualdea, Departamendua eta Hautetsien kontseiluko ordezkariak elkartu dira uztailaren 24an. Ipar Euskal Herriko lurralde kontratuko finantzazioa ikertu eta zehaztu dute.

Alde batetik, hizkuntza politikan anbizio berri bat atzemanez eta beharren araberako finantzamendua lortuz, aitzina pausu bat eman behar dela esplikatu dute. Bestalde, lurraldearen garapen ekonomikoa bultzatzeko, operazioetan erantzunak atzeman nahi lituzkete Hautetsien eta Garapen Kontseiluko ordezkariek.

Jasotako erantzunek lurraldearen eskakizunei erdizka erantzuten dietela erran dute tokiko ordezkariek komunikatu batean. Halaber, lurraldearen berezitasunari balore erantsia emanen dion kontratu bat egiteko borondatea erakutsi dute.

Hurrengo bilera irailean izanen da eta bertan gidaritza komiteak finantzaketa plana onartuko du; urrian kontratua izenpetu baino lehen.