Kazeta

ELBk Gobernuari "aterabide iraunkorrak" eskatu dizkio

Gobernu frantsesak hazleak laguntzeko iragarri dituen neurrien harira, ELBk "egoera larria" dela azpimarratu du. Sindikatuaren ustez, laborantzaren antolaketa orokorra berriz ikusi behar da eta ezinbestekoa da "aterabide iraunkorrak" lehenbailehen hartzea.

2009an esne ekoizleek Baionan egindako manifestaldiaren irudia. © Gaizka Iroz
2009an esne ekoizleek Baionan egindako manifestaldiaren irudia. © Gaizka Iroz

Gobernu frantsesak laborarientzat 600 milioi euroko diru laguntzak iragarri ditu. ELBren iritziz, "hazleen egoera larria da" eta krisiari aurre egiteko "aterabide iraunkorrak" hartu behar dira. Halaber, sindikatuak diru laguntzak beste manera batean partekatu behar direla uste du.

ELBren arabera, Gobernuak emanen dituen diru laguntza berriei esker, laborari batzuek "mailegu berriak hartu" edo "sozial kotizazioen ordainketa luzatzen ahalko dute", baina "deus krisitik iraunkorki ateratzeko".

Gaur egun pentsatutako aterabideen helburuak "esportazioa hobetzea edo metanizazioaren bidez irabazi berriak sortzea" dira, baina sindikatuak "instalazio horiek etxalde industrialei lotuak" direla salatu du.

ELBren ustez, hazkuntzaren krisia "politika publikoen porrotan eta liberalismoan" oinarritzen da eta horri aurre egiteko hainbat neurri plantan jarri behar dira. Alde batetik, PACeko diru laguntzak beste manera batez banatu behar lituzke; "enplegua eta laborantza herrikoia bultzatzeko, kalitatezko janaria prezio onargarrian ukan dezaten herritarrek".

Bestalde, sindikatuari esportazioaren aterabidea desegokia iruditzen zaio, merkatu horretan "konkurrentzia azkarra eta prezio apalak" direlako. Halaber, "haragi eta esnearen prezioak ekoizpen gastuen araberakoak izan beharko" luketeela dio. Azkenik, ELBk "sistema produktibistetan preso diren laborariak hortik ateratzen lagundu behar" direla adierazi du.

Taldearen arabera, enpleguak atxikitzeko, kalitatea ekoizteko eta ingurumena zaintzeko, Gobernuak beste laborantza eredu bat sostengatu beharko luke.