Justine GIRAUDEL

Eskolak bateratzearen eztabaida bizirik Baiona Tipian

Jean-René Etchegarayk ez du iritziz aldatuko: Herriko Etxeak Baiona Tipiko lehen mailako eskola tokiz mugituko du. Ikasleen burasoekin eztabaida irekia da eta horiek etorkizunean sortu nahi duten "museoen auzoaren" proiektuan arreta jarria dute.

"Baionan 26 eskola ditugu. Ikasle kopuru berdintsuarekin, Angelun hamar gutiago dituzte. Egun batean bateratzeari pentsatu beharko dugu", esplikatu du auzapezak.. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)
"Baionan 26 eskola ditugu. Ikasle kopuru berdintsuarekin, Angelun hamar gutiago dituzte. Egun batean bateratzeari pentsatu beharko dugu", esplikatu du auzapezak.. (Raul BOGAJO / ARGAZKI PRESS)

Baionako hiru museori eskainia litzaiekeen lokal proiektua bertan behera utzi duten arren, Jean-René Etchegaray auzapezak Baiona Tipiko lehen mailako eskola errekisizionatzea erabaki du. Ikasleen burasoen hipotesiak entzuteko prest dagoela erran du.

Iragan ekainaren 25ean, burasoek atzeman agiri baten bidez 2017ko sartzean lehen mailako eskola hetsiko dutela jakin zuten. "Fite hartu den erabaki baten aitzinean ginela pentsatu genuen", esplikatu du sostengu taldekoa den Jean Lorinek. Auzapezak, aldiz, "aurrekontu arazoa" aitzinean jarriz defendatu du bere burua.

Auzapezak eremua egokitzeko obren aurrekontua 6.500.000 eurotara igo dela azaldu du. Halaber, hasiera batean Estatuak hitzemandako diru laguntza %20koa izan behar zuen, baina %8ra apaldu luke. "Horrek eraikuntzaren obrak ezeztatzea eragin digu", gehitu du Etchegarayk.

Aurrekontuekin zalantzak izaiteaz gain, auzapezak dio ez duela elkargoko museoen erreserbaren sorrera bertan behera utziko. Bonnat museoaren erreserba lehen mailako eskolan instalatuko da eta Euskal Museoarena hiriko lokal batean; hain zuzen ere, gaur egun Mouettes etxea dagoen tokian.

Burasoak kontra

Lehen mailako eskola zerratzean, haurrak Baiona Handiko eskolara eraman behar lituzkete. Hasieratik burasoak kontra agertu dira eta uztailaren 5ean egindako bilkura baten bidez, beren iritzia auzapezari helarazi diote. Baiona Handiko eskolaren gaitasuna aztertzeko, Herriko Etxeak ikerketa bat eginen du eta irailean emaitzak argitaratuko dituzte.

Etchegaray aterabideak bilatzeari irekia dagoela erran du. Haatik, uztailaren 16ko herriko kontseiluan  lehen mailako eskola Vauban harresietan dagoen ama eskolarekin elkartzea proposatu zuten. "Jadanik pentsatu dut aterabide horri, baina Monumentu historikoen erakundearekin arazoak ukanen ditugu", gehitu du.

Heldu den sarreran berriz abiatuko lukete elgarrizketa eta Herriko Etxeak beste arazo bati aurre egin behar lioke: eskola kopuruen murrizketa. "Baionan 26 eskola ditugu. Ikasle kopuru berdintsuarekin, Angelun hamar gutiago dituzte. Egun batean bateratzeari pentsatu beharko dugu", esplikatu du auzapezak.