Gotzon ARANBURU

Arantzako barnategia

Euskal kaleidoskopioa da egunotan Arantza herri nafarreko aterpea. Jatorri ezberdineko gizon eta emakumeek dute bizileku, bi astez, baserri itxurako etxe dotore hau; badira bertan  arabarrak, bizkaitarrak, gipuzkoarrak, nafarrak eta lapurtarrak, baita espainiarrak eta frantsesak ere, adin eta ingurune sozial ezberdinetakoak, baina ezaugarri komun bat dute, elkarrekin lotzen dituena: euskara ikasi nahi dute, eta ikasten ari dira, ongi gainera, AEKren barnetegian.

Arantzako aterpean 20 urte bete ditu AEKren barnetegiak. (Gotzon ARANBURU)
Arantzako aterpean 20 urte bete ditu AEKren barnetegiak. (Gotzon ARANBURU)

Bete ondo motxilak, etxekoei agur esan eta Arantzara, bi astez, euskara ikastera eta euskaraz hitz egitera. Sinplea da planteamendua, baina gogo sendoa eskatzen du, oraindik ondo menperatzen ez duzun hizkuntza batean mintzatzera behartu behar baituzu zeure burua, egun eta gau, ez egunean bi orduz bakarrik euskaltegian. “Euskaraz bizi nahi dut” dio udaletxeko balkoiko pankartak, baina ez dirudi Arantzan aldarrikapen handiren beharrik dagoenik: herri euskaldun peto-petoa da. Kalean, dendan, tabernetan… euskara entzuten da une oro. Zaila gure hizkuntzan murgiltzeko Arantza baino toki hoberik aurkitzea.

Asteburuko etenaldiaren ondoren, astelehen goiz argitsuan eskolara abiatu dira barnetegiko 24 ikasleak. Jan eta lo aterpean egiten dute, baina klaseak hartzeko herriko eskolara jotzen dute, udan hutsik baitago, kaskoaren beste aldean. Adinari dagokionez ere, aniztasuna da nagusi, hasi 20 urtetik eta 60 urteraino. Hiru irakasle dituzte –Amagoia Gordobil gasteiztarra, Ekaitz Larrazabal Katxo algortarra eta Aintzane Pradera barakaldarra– eta egunean hiru aldiz sartzen dira ikasgelara, bi goizean eta beste bat arratsaldean, bazkalondoren.

Ekaitzek badaramatza hamar urte AEKko irakasle, eta bost Arantzako udako barnetegian. Euskara irakasten ari diren askok duten pertzepzio bera dauka, hau da, garai batean euskalduntzea zela ikasleen motibazio nagusia, eta, gaur egun, aldiz, titulazioa lortzea dela akuilu. Baina, zorionez, azken garaiotan egoera hori aldatzen ari ote den susmoa dauka, ikusten baitu barnetegian topatu dituen ikasleak zinez euskara maite dutelako ari direla ikasten.

Nola ukatu euskararenganako atxikimendua Marc Fuentes bezalako ikasleak ezagututa? Frantziako Amiens hirikoa da, eta euskal musika gustatzen zitzaiolako hasi zen euskara ikasten, letrak ulertu nahian. Eta, gainera, lagun euskaldun batekin apustu egin zuelako, baietz euskara ikasi. Duela hamar urte izan zen hori eta apustua irabazi duen lekuko gara, ederki asko moldatzen baita. Jakina, AEKren euskaltegirik ez dauka eskura urtean zehar, baina duela hiru urte Bordelera joan zen bizitzera eta Euskal Etxea bai, badauka han, eta astero bi ordu eta erdiko klasea jasotzen du bertako gaueskolan. Ondoren poteoa egiten dute ikasleek Bordelen, mintza praktikarako aukera ezin egokiagoa.

Ikasleak, gero eta formalagoak

Azken urteotan barnetegietako ikasleak “formaldu” egin direla iruditzen zaio Katxori. Hasierakoak lehenengo egunetik etortzen omen ziren «dena ematera», alegia, goizeko laurak arte parranda egitera, baina gaur egungoek indarrak gordetzen ei dituzte. «Astean parranda bakarra egitera mugatzen dira» dio, jarrera horrekin kritiko…

Euskara irakaslea soilik ez, bertsolaria eta Gibelurdinak musika taldeko kidea ere bada Katxo, eta ondo baino hobeto daki euskara menderatzeko ikasgela eta liburuak bezain beharrezko dela kalea, festa eta lagunartea.

Yoli Ela ikaslea ados dago Ekaitzekin. Goizean lau ordu ikasgelan emanda, eta arratsaldean beste bi, «jakina, eguneko momenturik onena ilunabarreko poteoa da, denok batera!» diosku, bere barre kutsakorrarekin. Izan ere, ikasleak bi mailatan banatuta daude, hizkuntzaren ezagutzaren arabera, baina eskolan bakarrik: goizeko hamaiketako etenaldian, bazkarian eta arratsaldeko poteoan denak elkarrekin ibiltzen dira, Arantzako kaleei alaitasuna emanez. «Uste dutena baino gehiago ikasten dute barnetegian. Askotan oso ingurune erdaldunetik datoz, eta hemen etengabe euskaraz aritzeak, akatsak akats, aurrerapauso handia dakarkie. Jakina, oraindik ere gehiago aurreratu nahiko lukete, baina hobekuntza hor dago, ni ondo jabetzen naiz», diosku Katxok. Beste barnetegi batzuk ere antolatzen ditu AEK-k, esaterako Gipuzkoako Adunakoa eta Nafarroako Zugarramurdikoa –familiei zuzenduta–, barnetegi ibiltaria bizikletaz eta barnetegi ibiltaria oinez, azken hori Euskal Herrian barrena, hasi Otxandion eta buka Hiru Erregeen Mahaian.

Bazkaria mintzapraktikarako une ezin hobea da. Kazetaria gonbidatu egiten dute aterpeko mahaira eta berehala egin dute taldeko kide. Jakina, berehala hasi da galdera zaparrada: nola esaten duzu, gose naiz edo gosea daukat? «Ba nik gosea daukat, baina azterketan hobe gose naiz jartzen baduzu». Eta beroa daukat edo bero nago? «Uf, kontu ezberdinak direla esango nuke…». Gaizki esanda dago “noski baietz”? Euskaraz pentsatzen duzu edo gazteleraz? Ondarrutarrei ulertzen al diezu? Hika badakizu? Azken hori galdetu duena Arrasaten lan egiten duen Gasteizko neska bat da; dagoeneko «gura dok» bezalakoak suelto erabiltzen ditu. Gozatua izan da bazkalordua, baita ondorengo kafea ere.

Bazkalondoren batzuek lo kuluxka egiten dute, eta beste batzuk kartetan aritzen dira, edo solasean. Azken horietakoa da Ricardo Guerra gasteiztarra, Radio Euskadiko esataria. Nabari da hitza dela bere laneko tresna, berehala josi baitu diskurtsoa kameraren aurrean. «Zergatik euskara ikasi? Etorkizuna delako. Gasteizen ez da erraza eremu euskaldunak topatzea, baina gero eta gehiago entzuten da euskara kalean. Eta nire kasuan, kazetaria izanik, motibazioa bikoitza da, lanerako ere aukera gehiago zabaltzen dizkidalako». Egia esateko, azkenengo “dizkidalako” hori ez zaio lehenengoan irten Ricardori, baina zalantzarik ez da ondo apuntatu duela burmuineko disko gogorrean.

Hogeigarren urteurrena

Hogei urte bete ditu aurten Arantzako barnetegiak, horiek guztiak aterpean. Bertako arduradun Xabier Zugarramurdi lekuko aparta da barnetegiak izan duen bilakaera azaltzeko. Hasiera batean hilabete irauten zuen ikastaro-egonaldiak, ondoren 21 egunekoak izatera pasa ziren eta egun bi astekoak dira, uztailean eta abuztuan lau ekinaldi osatuz. Horrek esan nahi du udaro 120 ikasle inguru pasatzen direla Arantzatik. «Gramatika gehiago da urtean zehar euskaltegian ikasteko, hemen solas egin behar da, egun osoz euskaran murgiltzeko probestu», dio. «Hagitz aberasgarria da adin ezberdinetako jendea elkarrekin bizitzea, guztiek elkarren berri izatea,» irizten dio.

Hogeigarren urtemuga nolanahi igarotzen uzteko asmorik ez du Xabier Zugarramurdik, eta egitarau aparta prestatu du. Hasi ostiral honetan eta abuztuaren bukaera arte, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballes, Proiekto Nombre, Esne Beltza, Cromatica Pistona, Makala, DJ Alai, Petti eta Joseba B. Lenoir izango dira Arantzako aterpeko taulan. Aparteko giroa bermatuta dago, beraz, mendiz inguratutako euskararen paraje zoragarri honetan.