Naiz

Grazi Etxebehere: "Bakoitzak pixka bat gehiago emateko ordua da"

Poliziak aske utzi eta bi egunera elkarrizketa eskaini zion Grazi Etxebeherek Infozazpi Irratiari. Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea bere etxean hartu izanaz eta desarmatu nahi duen erakunde bati lagundu izanaz ez dela damutzen berretsi du eta estatuen jarrera ikusita bake prozesuak aurrera egin dezan "bakoitzak bere harri txikia" jarri behar duela aldarrikatu du.

Grazi Etxebehere, bere etxera sartu aurretik. Ondoren atxilotu dute. (Bob EDME)
Grazi Etxebehere, bere etxera sartu aurretik. Ondoren atxilotu dute. (Bob EDME)

Grazi Etxebehereren lehen hitzak Infozazpi Irratian espetxean dauden Iñaki Reta eta Xabier Goienetxearentzat izan dira. "Mindua nago han utzi ditudan bi mutil zoragarri horiengatik. Bihotza apurtzen dit haiengan pentsatzeak, pertsona zoragarri batzuk dira", esan du hunkituta.

Poliziak atxilotu zuenetik pasatako egunak nolakoak izan diren galdetuta, tratua ona jaso dutela azaldu du: "Mantentzen dituzte formak, oso goxoak dira, kasik detallistak ere, horrek badu seguraski eginahala apropos, laguntasun giro bat sortzen dute, zure izen txikiagatik deitzen zaituzte... baina guk badakigu horrek barne barnetik baduela helburu berezia".

Ortzaizen igandean egin zieten harrera beroari dagokionez, "bizigarri ederra» izan dela aitortu du, eta "sekula ikusten ez dugun jende bat" ikusi zuela nabarmendu du. Bere ustez, "zerbait pasa da, maskaradaren bat erori da, zerbait deskongelatu balitz bezala, hitza libratu balitz sentsazioarekin" geratu zen.

Ildo horretan, errepresioaren aurrean herritarren jarrera "zerbait" aldatu dela iritzi dio. "Behar bada, errepresioa lotua delako ere bake prozesu baten kontra, hori ere izan daiteke, baina nik momentuz ezin dut neurtu, ez dakit zein izan den gakoa aldaketa horrena, baina sustengua masiboa izan da".

Atxilotu aurretik egin zituen adierazpenei buruz galdetuta, berretsi egin ditu Etxebeherek, eta bere hitzek izandako oihartzunaz harrituta mintzatu da. "Hitz sinpleak dira, hori da, orain lguntzea erakundeari da bake prozesuari buruz eman behar diren pausuen egitea eta hori guri dagokigu, ze garbi dago estatuak oraindik ere beraien diskurtsoarekin dabiltzala. Bake prozesua bultzatu nahian egin ditut egin ditudanak eta noski ez dudala inongo damurik, espero dut jende askok bide horretan jarraituko duela", adierazi du.

Etxeberek mezu horretan sakondu du: "Estatuen aldetik garbi dago ez dutela bake prozesurik nahi, beraz hor beste indar bat sortu behar dugu".

"Gakoa, konpromisoa"

"Nik esan diet: ‘hemen ETAk ez du inori beldurrik ematen, ez dago borroka armaturik’; orain, beste batzuk daude ikaraturik borroka armatuaren faltaz, hori ematen du, ze borroka armatuaz hainbeste baliatu dira aitzakia bezala botere politikoa edo ekonomikoa finkatzeko, non ikaratuak dauden pentsatuz borroka armaturik ez dutela gehiago aurrean. Hori da beraien beldurra".

Horregatik, "bakoitzak pixka bat gehiago emateko ordua" da Ortzaizekoaren iritziz, «bakoitzak pixkat bat ematen badu eta ematen badugu denok, indar handia sortu daiteke, hori da gure gakoa, konpromisoa prozesu hori aurrera eramateko".

Etxebehererentzat, Parisko konferentziak "norabide argiak" eman ditu, baina "orain pasa behar da beste fase batera; erraitea eta txalotzea gauza bat da, baina txalotzea pentsatuz besteek egingo dutela erraza da, txalotu behar dugu baina egin behar dugu gutariko bakoitzak, bakoitzak bere harri txikia ekar dezala, eraikuntza horretan denon indarra beharrezkoa delako".