Aimar Etxeberria Korta

Krisia eta ingurumena

Greenpeacek krisiak ingurumenean ere eragin zuzena duela erakusten duen txosten bat argitaratu berri du. Bertan, Estatu espainiarreko autonomia erkidegoetan garatzen diren politika positibo eta negatiboak aztertu ditu.

Estatu espainiarraren langabezia tasa %25era ailegatu da.
Estatu espainiarraren langabezia tasa %25era ailegatu da.

Gauza jakina da, inork gutxik zalantzan jartzen duena, azken zazpi urte hauetan gizarteak atzerakada garrantzitsua pairatu duela eskubide sozial eta zerbitzu publikoen kalitateari dagokionez. Estatu espainiarrean, adibidez, pertsona askori lana galtzea eragin dio krisiak, Estatuko langabezia tasa %25era iristeraino. Era berean, maila historikoetara iritsi da lan munduko prekarietatea.

Greenpeacek, baina, krisiaren beste aurpegi bat erakutsi nahi izan du pasa den ekainean argitaratutako txosten batekin. Egun, langabezia, murrizketak, ustelkeria, hezkuntza edota osasungintza daude herritarren kezka nagusienen artean. Baina, ingurumena egoera horretatik at geratzen al da? Nola eragin dute krisiak eta murrizketa politikek ingurumenean? Galdera horiek erantzutea izan da Greenpeacen xedea txostenean, autonomia erkidego bakoitzaren azterketa soziala eginez. Adibidez, lotura egin du erakunde ekologistak itsasertzaren suntsiketaren eta ustelkeria eskandaluen artean, edota elektrizitate konpainien eta gaixotasunen, pobrezia energetikoaren, basozaintza murriztearen edota lan baldintzak okertzearen artean. Finean, erakutsi nahi izan du ingurune naturala dela krisiaren biktima nagusietako bat, eta jendartea dela horren ordaina pairatzen duena.

Baina, nahi izan du, era berean, ekimen edo ingurumen politika eredugarrien erradiografia egitea ere, hauen atzean «ehunka lanpostu berde, ekintzaile ausart eta kontzientzia sozialaren handitze bat» dagoela sinetsita. Horretarako, praktika positibo eta negatibo garrantzitsuenen balorazioa egin du Greenpeace erakunde ekologistak. Puntu negatiboen zerrenda «amaigabea» dela dio, eta, hala, txostena kasu garrantzitsuenak biltzera mugatu dutela azaldu du. Bertan bildu ditu eredu energetikoarekin, industria eta kutsadurarekin, nekazaritzarekin, arrantzarekin, hondakinen kudeaketarekin, babestutako eremuekin eta espekulazio urbanistikoarekin harremana duten kontuak, besteak beste.

Alderdi positiboen artean, berriz, aitzindariak diren ekimenak eman ditu ezagutzera, dela ingurumenaren defentsan lanean diharduten mugimendu sozialen jarduna edota ingurumenaren kudeaketa jasangarri baten aldeko jardunean lidergoa hartu duten erakunde edo pertsonen jarduna ere. Autonomia erkidego bakoitzaren kasuan adibide on eta txar bat azpimarratu ditu, jarraitu beharreko ala albo batera utzi beharreko kasu bat, hain zuzen.

Autonomia erkidego bakoitza, berriz, indize baten arabera sailkatu du erakunde ekologistak. Indizeak eskualdeak bata bestearekin alderatzen ditu, nekazaritza, airearen kutsadura, itsasertza, arrantza, energia eta aldaketa klimatikoa, lurraren kudeaketa eta babesa eta hondakinen kudeaketa bezalako aldagaiak kontuan hartuta. Aipagarria da oso Estatu espainiarreko autonomia erkidego guztiek, Greenpeacen indizearen arabera, erdi mailako edo maila baxuko kalifikazioa dutela ingurumenaren kalitate mailari dagokionez, maila altu edo oso altuetara iristeko tartea handia izanik. Bada, Nafarroa aurki daiteke hobekien baloratutako autonomia erkidegoen artean, bigarren postuan hain zuzen.

Nafarroa

Hondakinen afera, batez ere, Gipuzkoan izan bada ere protagonista, Greenpeacen txostenean garrantzi berezia hartzen du Nafarroako kasuan, alderdi negatiboenean eta positiboenean hondakinekin zerikusia duten gaiak aurkitzen baititugu. Puntu gorriei erreparatuz gero, hau da, ingurumenarekiko kaltegarrienak diren praktikak aintzat hartuz gero, Portland enpresak Olatzagutian daukan zementu fabrikarekin aurkitzen gara. Bertan, hondakinak errausteko azpiegitura bat egin asmo dute, eta, Greenpeacen arabera, atzerapausoa izan liteke hondakinen kudeaketari dagokionez errauste planta berri bat eraikitzea.

Egun, stand by egoeran da proiektua. 2013ko urtarrilaren 16an jaso zuen Portland enpresak hondakinak errausteko baimena Yolanda Barcina buru zuen Gobernuaren partetik. Ordea, hil bereko 30ean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen Barcinaren Gobernuak onartutako hondakin plana, bere baitan jasotako Olatzagutiko errauste plantaren etorkizuna airean utziz.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiari, ordea, errekurtsoa jarri zion Nafarroako Gobernuak, aharik eta Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenak, 2015aren hasieran hartutako erabaki batekin, behin betiko baliogabetuta utzi duen Barcinaren Hiri Hondakinen Plana. Horrek, ordea, ez du Sakanako herritar eta erakundeen errauste plantarekiko aurkako jarreran eragin, eta hamaika izan dira proiektua behin betiko tiraderan sartzea galdegin duten ekimenak, manifestazio herritarrak eta adierazpen instituzionalak tarteko.

Nafarroako praktika onei erreparatzen badiegu, hondakinen kudeaketan adibide gisa kalifikatzen du Greenpeacek herrialdea. Hori hala izateko, zenbait gunetan martxan jarri duten atez ateko zabor bilketa sistema edota komunitateka egiten den konposta aipatzen ditu erakunde ekologistak. Hondakinak kudeatzeko aipatu sistemak Bortziriak, Malerreka, Baztan eta Sakanan jarri dira abian. Beraz, esan daiteke Sakanan bat egiten duela ingurumenarekiko jasangarria den praktikak kaltegarriena izan daitekeenarekin.

Aipatzen da, era berean, Nafarroan fracking edo haustura hidraulikoaren aurka eginiko lana –gutxienez hamalau udalerrik haustura hidraulikorik gabeko udalerritzat jo dute euren burua–, Etxauri eta Deierri transgenikoen aurka agertu izana edota energia berriztagarrien sustapenean lurralde aitzindaria izatea. Bestalde, gorriz markatutako praktiken artean dira Eguesibarren ematen den espekulazio urbanistikoa, Nafarroako Gobernuak fracking teknika garatzeko hainbat baimen eman izana eta Castejongo zentral termikoa.

EAE

Euskal Autonomia Erkidegoa, berriz, hamalaugarren postuan kokatu du Greenpeacek bere zerrendan, maila baxuko ingurumen kalitate indizearekin. Horretarako arrazoi nagusia Muskizen kokatuta dagoen Petronorren findegia da. Erakunde ekologistaren arabera, itsasertzarentzat hondamendia da aipatu azpiegitura, eta pertsonen osasunerako arriskutsua dela ere gehitzen du.

2013ko apirilaren 3an, indarrean lizentziarik ez bazuen ere, inauguratu zuen planta berria Petronorrek Muskizen. 850 milioi euroko aurrekontuarekin, industriaren alorrean Euskal Autonomia Erkidegoan sekula eginiko inbertsio handiena izan zen. Sindikatu eta alderdi ezberdinek gogor kritikatu zuten planta berriaren irekiera, lana sortu baino kutsadura gehiago eragingo zuelakoan. Eta azken hori, behintzat, eragin du. Inauguratu zutenetik gutxienez bitan izan ditu arazoak Muskizko findegiak kutsadurarekin: 2014ko ekainaren 21ean plantak eragindako hauts igorpen bat pairatu behar izan zuten Bizkaiko herriko San Julian auzoko bizilagunek, baita iragan ekainaren 5ean ere.

Eta praktika onen alorrean, modu berezituan, hainbeste ika-mika sortu duen atez ateko zabor bilketa sistema aipatzen du Greenpeacek, autonomia erkidegoko birziklatze tasa puntakoa dela gehituz. Era berean, itsasertzaren defentsan garatutako jardunak, Zubietan egitekoak ziren errauste planta geratu izana –nahiz eta foru gobernu berriak proiektuarekin aurrera egingo duela adierazi berri duen–, Pasaiako kanpo portuaren proiektua geratu izana –afera honi ere epe laburrean helduko diola iragarri du Markel Olanok– eta fracking-aren edota Garoñako zentral nuklearraren aurka mugimendu sozialek garatutako jarduna azpimarratzen ditu erakunde ekologistak.

Gorriz markatutako alorren artean, berriz, Zabalgarbiko errauste planta; Santurtziko eta Zornotzako zentral termikoak; Arrigorriaga, Lemoa eta Añorgako zementu-fabrikak eta fracking teknika garatzeko Lakuako Gobernuak eginiko mugimenduak azpimarratzen ditu Greenpeacek, nahiz eta Gasteizko Legebiltzarrak atzera eginarazi dion Iñigo Urkullu lehendakariaren Gobernuari alor honetan.

Proposamenak

Txaloak jotzen hastekoa ez den egoeraren aurrean, hamar proposameneko zerrenda –bost klabe positiboan eta beste bost negatiboan– osatu du Greenpeacek bere txostenean, ingurumenak garrantzia duen herrialde batean garatu beharko liratekeenak guztiak ere. Zentzu horretan, Greenpeace talde ekologistak ingurumenarekin zerikusia duten politikak erabakitzerakoan herritarren parte hartzea bermatzea proposatzen du, eta gobernuei –maila lokalean– ingurumenaren defentsa oinarri duten politikak garatzeko eskatzen die.

Erakundeek garatutako ekimenak ez diren kasutan, hots, mugimendu sozialen iniziatibak direnean, hauek babestu eta sustatu egin behar direla dio Greenpeacek, eta batez ere administrazio publikoari egiten dio eskaria. Era berean, jarduera jasangarriak garatzen ari diren langileak diruz laguntzea ere proposatzen du erakunde ekologistak, baita produkzio eredu jasangarriak bultzatzea ere.

Klabe negatiboan, berriz, kutsaduraren ondorioz sor litezkeen gaixotasunak murrizteko neurriak hartzea gomendatzen du, eta ustelkeria edota ate birakariak bezalako gaitzekin amaitu beharra nabarmentzen du. Era berean, baliabide naturalen ustiapenean babes neurriak hartu behar direla gehitzen du, eta ingurumena kaltetzeko helburuarekin egiten den diru publikoaren xahuketarekin amaitzea aldarrikatzen du. Azkenik, elektrizitate enpresak babestu beharrean, herritarrak babesteko gomendioa luzatu die Greenpeacek gobernu ezberdinei bere txostenean.

Azken ondorio bezala, ingurumenak gure gizartean garrantzia berezia duela erakutsi nahi izan du Greenpeacek, hots, arlo soziala eta ingurumena eskutik helduta doazela, eta etorkizuneko gobernuek ez dutela ahaztu behar krisia –bere osotasunean, bederen– soilik politika sozialak eta ingurumen politikak uztartzean gaindituko dela.

«Pertsonek egon behar dute politiken erdigunean eta horretarako beharrezkoa da ingurune osasuntsu bat mantentzea eta errekurtso naturalen ustiapen arrazional bat egitea. Herrien kudeaketa jasangarria bultzatu behar da, pertsonek pertsonentzat egina», ondorioztatu du erakunde ekologistak txostenean.