Kazeta

Urgentziazko helegitea jarri dute Bapaumeko espetxearen kontra

Nazioarteko Presondegietako Behatokiak Bapaumeko kartzelak presoen gutunak atxikitzen zituela jakin du; horien artean bi euskal presorenak. Horrek ekartzen duen eskubideen urraketagatik abokatuek jarritako urgentziazko helegitea aztertu behar zuen justiziak, uztailaren 7an.

Euskal presoen eskubideen alde egindako mobilizazioa. ©Sylvain Sencristo
Euskal presoen eskubideen alde egindako mobilizazioa. ©Sylvain Sencristo

"Bidalitako eta errezibitutako gutun guztiak blokeatu". Ezezagun batek Nazioarteko Presondegietako Behatokiari agiri bat helarazi dio eta preso batzuen gutunak atxikitzeko agindua emaiten zuen. Presoen artean, Alaitz Aramendi Jaurena eta Oihana Garmendia Marin euskal herritarrak aurkitzen dira. Horrek eragiten duen eskubide urraketagatik beren abokatuak, Behatokiaren sostenguarekin, urgentziazko helegitea jarri du. Uztailaren 7an aztertua izan behar zuen.

"Ez dakit gutunak irakurri dituzten edo ez, bakarrik agiri horren froga dut", adierazi du Aramendi eta Garmendiaren abokatua den Alexandre Braudek. Bere iritziz, ekintza horrek oinarrizko askatasun bat urratuko luke, presoa eta bere abokatuaren arteko konfidentzialtasuna.

Konfidentzialtasunaren askatasunak oinarrizko bi eskubide bermatzen ditu: sekretu profesionala eta askatasun osoz defentsa antolatzeko eskubidea. Aurkitutako agiriak espetxeetako politika zuzenean hausten duelako erabaki dute abokatuak, Nazioarteko Presondegietako Behatokiarekin batera, urgentziazko prozedura bat hastea.

Euskal presoen tratamendu berezia

Braude abokatuaren arabera, euskal presoek tratamendu berezi bat lukete. Agirian agertzen den bezala, Alaitz Aramendiren izenaren ondoan "DPS, Basque" ("Bereziki seinalatutako presoa") idatzia da eta Garmendiarentzat, berriz, "Suivi Basque" ("euskal segimendua").

Abokatuak Aramendiren kasua aztertu duenean, beste neurri batzuetaz ohartu da. Hain zuzen ere, gauean bi edo hiru orduro euskal presoak jazartzen lituzketela. "Beren maniobrak egitean, osoki kontrolatu nahi dituzte", gehitu du Braudek.