Kazeta

Ustezko ETAko bi kide atxilotu dituzte Ortzaizen

Guardia Zibilak eta Estatu frantseseko poliziak uztailaren 7ko arratsaldean ETAko ustezko bi kide atxilotu dituzte Ortzaizen. Arratsean 150 pertsona elkarretaratu dira miatzen zuten etxearen aitzinean eta 03.00ak aldera poliziarekin izandako gatazkek zazpi zauritu eragin dituzte. Poliziak etxeko bi jabeak atxilotu ditu ere.

 

Uztailaren 7ko arratsaldean, Estatu espainiarreko Barne ministeritzak erran duenez, ustezko ETAko bi kide atxilotu dituzte Ortzaizen. Etxe batean zeudelarik atzeman lituzkete. Iñaki Reta de Frutos eta Xabier Goienetxea liratezke ustezko ETAko kideak iturri berdinen arabera. Halaber, poliziak etxeko jabeak diren Jef Mateo eta Teresa Lekumberri ere atxilotu ditu.

Operazioan Guardia Zibilak eta Estatu frantseseko poliziak parte hartu dute, horien artean, polizia judiziala, polizia zientifikoa eta GIPN eta Raid-eko eliteko polizia unitateak, lekuko baten arabera. Estatu espainiarraren Barne ministeritzak atxilotuak "ETAren aparatu logistiko militarrrarekin" lotzen ditu.

Webgunean argitaratutako agiri baten bidez, Ministeritzak atxilotuek "taldean ardura handia" zutela adierazi du. Halaber, Goienetxea "arduradun nagusia" zela esplikatu du eta Retak "zuzendaritza eta koordinazio lanetan laguntzen" ziola gehitu du.

"Terexa Lekunberri eta Jeff Mateoren etxean ginen aperitifa hartzen polizia arribatu denean", kontatu du bikotearen lagun batek. Gaueko 10ak aldera, tokian berean zen etxeko jabearen ahizpa etxeko bi haurrekin atera da. Laguna ere joaten utzi dute. Etxearen miaketa gau guztia iraun du eta 06.00ak aldera bukatu da.

Gatazkak poliziarekin

Etxearen kanpoaldean, 150 pertsona elkarretaratu dira arratsean zehar sostengua adierazteko. 03.00ak aldera poliziarekin gatazkak hasi dira eta horren ondorioz, zazpi pertsona zauritu suertatu dira.

Parte hartzaileen artean, Baigorriko hautetsia den Antton Curutcharry aurkitzen zen. Bere aitak buruan kolpea izan du eta lau pundu izan ditu. Poliziaren jarrera "neurririk gabekoa eta ulergaitza" iduritu zaio.

60 urteko gizon bat hankan zauritua izan da eta beste bat, 42 urtekoa lepoan; biak Baionako ospitalera eraman lituzkete. Beste bi gizon, 59 eta 71 urtekoak, zauri arinagoekin Donapaleuko ospitalera eramana dituzte.