Kazeta

Departamenduko aprendizgoaren mapa martxan da

Departamenduko CFA guzien arteko kolektiboak ikasketen eskaintza erakusten duen webgune berria aurkeztu du. Bertan, besteak beste, mapa baten bidez departamenduko ikastetxeen proposamen guziak islatu ditu.

Mapa berriaren bidez, orotara 203 formakuntza proposatu dituzte.
Mapa berriaren bidez, orotara 203 formakuntza proposatu dituzte.

Uztailaren 6an, aprendizgoen formakuntzak proposatzen dituen CFA zentroen kolektiboak ikastetxeen mapa numeriko berria aurkeztu du. Bertan, departamenduan aurkitzen den eskaintza berritu du eta 2015eko aprendizgo formakuntza berriak islatu ditu; orotara 203 formakuntza proposatu ditu. Horretaz gain, webguneak ikasketa horiek abiatzeko eskuratzen ahal diren laguntzak aurkezten ditu.

Indarrak batzeko helburuarekin, aprendizgo zentroen kolektiboa 2009an sortu zen. Taldeak baliabide amankomunak sortu nahi zituen, elkarrekin ekintzak abiatzeko eta aprendizgoa bultzatzeko xedearekin. Frantses Estatuko departamendu bakoitzeko kideak usu elkartzen dira helburu berriak definitzeko.

Horren harira, 2014ko urrian www.apprenti64.fr webgunea berritzea eta batez ere, aprendizgoen mapa osatzea erabaki zuten. CFA bakoitzak departamenduko formakuntzen eskaintzak eta diplomak islatu ditu.

46 zentro proposatuak

Mapa berri horri esker, interesatuak zuzenean zentroetara bideratuak izaiten ahal dira. Hain zuzen ere, 24 aprendizgo zentrok 46 zentroren webguneak proposatu dituzte. Eskaintzen diren diplomak arloka sailkatu dituzte: laborantza, finantzak, eraikuntza edo komertzioa. Horretaz gain, bisitariek CFA kolektiboaren ekintzak ezagutzen ahal dituzte.

Halaber, aprendizgo batek praktiketan eskuratzen ahal duen soldataren berri emaiten du. Kolektiboaren arabera, 18 urteko gazte batek lehen urtean hilabetean 364,38 euro lortzen ahal ditu, bigarren urtean 539,28 euro eta hirugarren urtean, berriz, 772,48 euro.