Kazeta

Angelu, Biarritz, Bidarte eta Bokaleko auzapezen aterabidea Ipar Euskal Herriarentzat

Angelu, Biarritz, Bidarte eta Bokaleko auzapezek, berriki, Hautetsien kontseiluak Ipar Euskal Herriko herri elkargo bakarraren proposamenari erantzun diote. Aterabideen analisian oinarrituz, gobernantza partekatuaren hautua proposatu dute. Baterak Euskal Kosta-Aturri hiriguneko auzapezen agiria "harridurarekin" hartu du.

Biarritzeko auzapeza den Michel Veunac eta Euskal Kosta Aturri hiriguneko presidentea, Jean-René Etchegaray. ©Gaizka Iroz
Biarritzeko auzapeza den Michel Veunac eta Euskal Kosta Aturri hiriguneko presidentea, Jean-René Etchegaray. ©Gaizka Iroz

Emmanuel Alzuri Bidarteko auzapezak, Francis Gonzalez Bokalekoak, Claude Olive Angelukoak eta Michel Veunac Biarritzekoak agiri baten bidez, Ipar Euskal Herriko egituraketa instituzionalarentzat proposamen bat egin dute. Aterabide guztiak aztertu behar direla nabarmenduz, gobernantza partekatuaren ereduari lehentasuna eman diote. Baterarentzat, lau auzapezen agiria "sinesgaitza" da.

Iragan den uztailaren 1ean Hautetsien kontseiluak Ipar Euskal Herriko herri elkargo bakarraren sortzeko bide-orria berretsi zuen. Horren harira, Angelu, Biarritz, Bidarte eta Bokaleko auzapezek proposatua izan den ideia ez dela "garapenerako proiektu bat" nabarmendu dute. "Ez da ere giza proiektu bat; 158 auzapezeko batzar batek, 235 hautetsiko kontseilu batek eta 60 pertsonako bulego batek osaturiko munstro bat baizik", adierazi dute.

Angeluko auzapeza den Claude Olivek ez direla herri elkargo bakarreko ereduaren kontra esplikatu du. Bere iritziz, "hausnarketarako, ate guziak ideki behar dira". "Adostasunik lortzen ez badugu, bigarren aterabide bat ukan beharko genuke, bestela, deus gabe geldituko gira", aipatu du Olivek.

Gisa berean, Bokaleko auzapeza den Francis Gonzalezek "norabide esklusiboa" hautatu izana leporatu dio Euskal Kosta Aturri hiriguneko presidenteari, Jean-René Etchegarayri. "Ez nago 158 herrien bateratzearen kontra, baina dependitzen du barnean zer jartzen dugun", gehitu du.

Lau auzapezek gobernu partekatuaren hautuari lehentasuna eman diote. Horri esker, "herri elkargo guzien arteko konpetentzien partekatzea eginen litzateke eta lurralde guzietako hautetsien arteko lotura sortzen ahal litzateke", gehitu dute.

Agiriaren bidez, izenpetzaileek Euskal Kosta Aturri hiriguneko presidenteari "auzapezen borondatea kontutan hartzea" galdegin diote.

Bateraren adierazpenak

Lau auzapezen agiriari erantzunez, Batera plataformak proiektuaren hasieraren testuingurua gogoratu du. "Gogoeta hori 2014ko irailean hasi zen eta Euskal Herriko hamar Herriko Elkargoetako presidenteen baimenarekin diruztatua izan zen". Baterak lau auzapezak jakinean direla nabarmendu du; "zenbaitzuek parte hartu baitute".

Auzapezek gobernantza federalaren inguruan egindako proposamenaren aitzinean, Baterak aukera hori aztertua izan zela gogoratu du. "Egitura horrek lurralde osoan koherentzia ukaiteko eta elkargoak koordinatzeko zailtasunak ukanen zituela erakutsi zen", esplikatu du taldeak.

Lau auzapezek aipatzen duten gobernantza kudeaketaren inguruan, Baterak "puntu horrek zailtasunak badituela" onartzen du; baina "juristek hobekuntzak proposatzen dituzte". "Dena den, eredu federatzailea oraino txarragoa da, beste kudeaketa maila bat gehitzen baitu (ordezkarien ordezkarienena). Harrigarria da lurralde kolektibitatea defenditu duten auzapez batzuek gaur egun egitura federatzaile baten proposatzen dutela ikustea, bi instituzioak hain urrun direlarik", aipatu du Baterak.

Harridura berdeentzat

Europa Ekologia-Berdeak alderdiak ere bere iritzia plazaratu du. "Harritzekoa da lau auzapezek eta ez lau herri elkargoek 40 hautetsiek osaturiko batzarrean hartutako erabakiaren kontra jotzea", adierazi du taldeak.

Halaber, ekologistek hasieratik Hautetsien Kontseiluak hartutako desmartxa sostengatzen dutela adierazi dute. "Euskal Kosta Aturri hiriguneko auzapezek nahiko lukete bakarrik Ipar Euskal Herriko etorkizuna erabaki?", gehitu du.