Arantxa MANTEROLA

Javi Abaunza isolamenduan Moulinseko kartzelan, interbentzio berezietarako polizia sartu ondotik

Istiluak joan den ostiralean hasi ziren bisita garaian funtzionarioek presoak miaketa orokortua egitera derrigortu nahi izan zituztenean. Zuzendari berriaren jokamoldeen ondorioz, azken asteetan tentsioa gorantz zihoan eta ostiralean goia jo zuen. Hainbat preso isolamenduan sartu zituzten, tartean, Jabi Abaunza euskal preso politikoa.

Moulinseko kartzelan, interbentzio berezietarako polizia sartu da. ©Montagne.fr
Moulinseko kartzelan, interbentzio berezietarako polizia sartu da. ©Montagne.fr

Richard Boulay Moulins espetxeko zuzendari berriaren eginmoldeak tarteko, tentsioa izugarri areagotu da Estatu frantseseko erdi-erdian dagoen presondegiko barne-neurriak izugarri zorroztu baititu. Hala, joan den ostiralean bisitak egitera joateko unean, istiluak izan ziren funtzionarioek hogei bat preso miatu eta haztakatzera behartu nahi izan zituztenean. Lyonetik joandako ERIS interbentzio polizia berezia espetxean sartu zen eta tirabirak izan ziren gaueko 22.00k arte. Ondorioz, hainbat preso ‘mitardean’ edota isolamendu ziegetan sartu zituzten. Horien artean, Jabi Abaunza euskal presoa. Zenbati preso sozialek gose greba hasi dute baina ez da baieztatzerik izan Abaunza tartean den ala ez.

Asteburuko bisitetan ere tentsio une gogorrak izan dira eta presoak egoerari aurre egitea deliberatu dute. Besteren artean, giza-eskubideen defentsarako erakundeak egoeraren larritasunaz ohartaraziz (OIP dagoeneko jakinaren gainean da) eta herritarrei dei eginez kartzelako zuzendaritzari gutunak bidaltzea eskatuz.

Gainera, Iurdan Martitegi eta Aitzol Iriondo ere mitardean sartuko dira gaur arratsean Moulinseko espetxeko gehiegikeriak salatzeko. Izan ere, zuzendaritzak aplikatzen dituen arauak legez kanpokoak dira, 2009ko lege-erreformak miaketa sistematiko eta orokortuak debekatu egiten baititu.

Abokatuak ere esku hartu dute aferan eta tokiko prentsak ere jazoeren berri eman du.