Kazeta

Grezia: ezetzaren gehiengoa zuhurtasun neurrien kontra

Uztailaren 5ean Grezian iragandako erreferendumean parte hartzaileen %61ak ezetz erran dio hartzekodunen proposamenari. Haiekin akordioak errazteko, Greziako Finantza ministroa den Giannis Varufakisek bere kargua utzi du.

Erreferendumean parte hartzaileen %61ak ezetz erran du hartzekodunen proposamenari. ©Alberto Pradilla
Erreferendumean parte hartzaileen %61ak ezetz erran du hartzekodunen proposamenari. ©Alberto Pradilla

Berriz ere greziarrak Troikaren zuhurtasun neurrien kontra agertu dira. Uztailaren 5ean iragan den erreferendumean parte hartzea %60tik gorakoa izan da eta bozkatzaileen %61a ezetzaren alde agertu da. Gogoratu behar da, gehiengoa lortzeko %40ko muga gainditu behar zela. Hain zuzen ere, atzoko galdeketan hartzekodunek egindako azken proposamenaren inguruan beren iritzia galdegiten zitzaien herritarrei.

Greziako gizarteak ez du zorroztasun neurrien aldeko parioa egin eta Europako eredu berri baten alde agertu da. Lehen ministroa den Alexis Tsiprasek antolatutako erreferendumean gehiengoak Instituzioen (Europako Banku Zentrala, Europako Komisioa eta Nazioarteko Moneta Fondoa) proposamena errefusatu du.

"Demokraziaren garaipena izan da eta beldurrari nagusitu zaio", adierazi du Lehen ministroak erreferendumaren behin-betiko emaitza jakin baino lehen. Bere hitzen arabera, "herritarrei ez zaie galdetu Europan segitu edo ez, baizik eta Europarentzat zein eredu nahi zuten". Batetik, baietzaren alde bozkatu duten askok eurorik gabeko Greziari beldur diote. Bestalde, "ezetz" erran dutenek herriaren duintasunari lehentasuna eman diote; beste behin ere.

Emaitza jakin ondoren, Finantza ministroa den Giannis Varufakisek bere kargua uzten duela iragarri du. Bere ustez, erabaki horren bidez Greziako gobernua hartzekodunekin aterabide bat lortzen laguntzen ahal du. Tsiprasek Varufakisen erabakia sostengatu du eta ordezkatuko duen pertsona alderdiko kideekin egiten ari den bilkura eta gero iragarriko duela adierazi du.

Gisa berean, erreferendumaren emaitzak jakitean, Greziako ministro ohia eta Demokrazia Berriko (kontserbadorea) liderra den Antonis Samarasek ere bere dimisioa aurkeztu du.

Halaber, Greziako egoera aztertzeko uztailaren 6an, Alemaniako kantzilerra den Angela Merkel eta Estatu frantseseko presidentea den François Hollande elkartuko dira eta Euroguneko ordezkariek ere bilkura eginen dute.