Kazeta

CADEk AHTarentzako Europako dirulaguntzak ailegatu direla salatu du

CADEk AHTaren Irun-Hendaia eta Bordele-Akize ibilbideen Europar Batasuneko finantzamendua ailegatu dela iragarri du. Nahiz eta proiektuaren kontrako txostenak plazaratu dituzten, elkartearen ustez, "behar gabeko xahutzearen aldekoak" aitzina doaz. 


 

AHTren lanak, Beasain-Ekialde zatian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
AHTren lanak, Beasain-Ekialde zatian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

"Irun-Hendaia eta Bordele-Dax AHTaren ibilbideen finantzamendu europarra ailegatu da". Cade elkarteak "ehunka milioi" direla aipatu du. "Nahiz eta ez diren beharrezkoak diren miliarrak", ingurumenaren aldeko taldea proiektua aitzina doala ikusteaz kezkatu da.

"Behar gabeko xahutzearen aldekoak" aitzina doazela esplikatu du Cadek. Elkarteak azken hilabeteetan agertu diren AHTaren kontrako iritziak gogoratu ditu, horien artean, Biancoren txostena edo Estatu espainiarraren Kontu Kortearen posizioa. "Txosten guziak AHTaren kontra" diren arren, CADEn ustez, proiektuaren aldekoak, gizartea mespretxatuz, ideia garatzen segitzen dute.

"Politikari hanpurutsuek gure diruarekin jostatzen segitzen dute eta horrek trenbideen proiektuek duten zorra beruneztatzen du", adierazi du Cadek. Elkartearen ustez, trenen erabiltzaileek eta langileek zor hori pagatzen dute.

Jarrera horren aitzinean, ingurumenaren aldeko elkarteak gizartea mobilizatzea deitu du. "Eskualdeko hauteskundeak hurbiltzen dira: AHTaren aldeko bozik ez!", gehitu du elkarteak.