Goizeder TABERNA

EHZ: talde berrien harrobi

Uztailaren 3tik 5era iragan den Euskal Herria Zuzenean festibalak talde gazteak sartu ditu bere egitarauan eta hautu horretaz pozik daude antolatzaileak.

Festa giroak Garroako gaztelua setiatu du igandean. © Bob EDME
Festa giroak Garroako gaztelua setiatu du igandean. © Bob EDME

Bilan biziki positiboa egin dute Euskal Herria zuzenean (EHZ) festibaleko antolatzaileek. Lekorneko Garroa gazteluan hiru egun iragan ondoren, izandako giroaz eta eta antolakuntza onaz pozik agertu dira. Zenbakiak aztertzeko denbora hartuko dutela erran dute, baina talde berriei toki bat eskaintzea hautu ona izan dela erran dute jada.

"Jende anitz aho zabalik gelditu da talde berriak entzutean", kondatu du Ekhi Erremundegi antolatzaileak. Last Fair Deal, Joseba Lenoir Gang eta Electro Deluxen oroitzapenarekin gelditu da bera, baina bistakoa da, oro har, festibalak ez duela talde handi ezagunik xekatu afixa osatzeko orduan eta antolatzaileak ez dira damutu.

Haurren xokoaz eta belaunaldien nahasketaz ere bilan baikorra egin dute. Ehun eta hirurogei eta hamar haur bildu ziren EHttipiZ egunean, uztailaren 3an, eta asteburuan izandako tailerretako giro goxoa nabarmendu dute. Zirko saioa eta pailaso ikuskizuna pentzean ezarri izanak belaunaldien arteko topaketa interesgarria eragin duela azpimarratu du Ekhi Erremundegik.

Eztabaida gunea aurten ere arrakastatsua izan da haren aburuz. Greziako erreferendumarengatik ez da pentsatu bezala Syrizako ordezkaririk etorri ahal izan, baina han diren edo bizi izan diren hainbat euskal herritarrekin gertatzen zenaren berri ukan dute parte hartzaileek. Horrez gain, Kubatik etorritako artista batek Garroako gaztelua uharte batean irudikatu eta EHZ herri zapalduen arteko zubi gisa agerrarazi du han berean tindatu duen mural batean.

Lucien Betbeder auzapeza horretaz guziaz pozik dago eta herriak EHZrekin duen lankidetza atxikitzeko prest agertu da. Ez luke gaizki ikusiko lau urteko kontratua 2017an berritzea.