Kazeta

Konferentzia Humanitarioaren ondorioak plazaratuko dituen mahai-ingurua

Uztailaren 4an Antxeta Irratiak antolaturik, Bake Bideak ekainaren 11n Pariseko Asanblada Nazionalean iragandako Konferentziaren ondorioak plazaratuko ditu. Ondotik, komunikabideak "Foro soziala eta herritarren parte hartzea" gaia hizpide harturik, mahai-inguru bat prestatuko du.

300 pertsona inguruk Konferentzia Humanitariora elkartu ziren. ©Goizeder Taberna
300 pertsona inguruk Konferentzia Humanitariora elkartu ziren. ©Goizeder Taberna

Uztailaren 4an Antxeta Irratiak, Ipar Euskal Herrian bake prozesuaren alde emandako pausuak berriz gogoratuko ditu. Horretarako, komunikabideak Bake Bidea gonbidatu du Pariseko Konferentzia Humanitarioaren ondorioak plazaratzeko. Ondotik, "Foro soziala eta herritarren parte hartzea" hizpide harturik, eztabaida bat prestatuko dute. Horretan, besteak beste, Iruñea eta Bilboko Foro Sozialeko hainbat kidek parte hartuko dute.

Ekimenean, Bake Bideko eta Pariseko Bake Konferentzia Humanitarioko lehendakaria den Anaiz Funosasek eta Atxik Berrituz mugimenduko kidea den Peio Ospitalek parte hartuko dute. Horiek Euskal Herriko egoera politikoa aipatzeaz gain, ekainaren 11n Pariseko Asanblada Nazionalean iragandako konferentzia aztertuko dute.

Besteak beste, Konferentzia Humanitarioa nola izan zen posible esplikatuko dute. Halaber, Aieteko Deklaraziotik bakearen alde zein urrats eman diren adieraziko dute. Horien artean, iragan den urteko urriaren 24an ideologia ezberdineko eragileek izenpetu zuten Baionako Deklarazioa azpimarratzekoa da; "motorra izan dena bake prozesuaren gaia Parisera eraman ahal izaiteko".

Gogoratu behar da otsailean Antxeta Irratiak "Bidasoan elkarbizitza" izenburupean arrakasta handiko jardunaldiak antolatu zituela. Gisa horretan, komunikabideak "bizikidetzaren alde lanean segitu nahi" izan du.

 

Pariseko Bake konferentzia humanitorioko lehendakaria - See more at: http://www.bakebidea.com/?p=2342&lang=eu#sthash.iGxUk7re.dpuf