Iurre BIDEGAIN

Euskal Herria Zuzenean, publikoa inarrosteko prest

Tipiturik, eremu osoan hedatu da giro goxoa larunbateko egunean. Ostiralean, haurrek ideki dute festibalaren 20. edizioa eta EHttipiZ ospakizunean parte hartuko dute.

Ailegatu da eguna. Nahiz eta Lekorneko Garroa gazteluan duela aste zonbait giroa berotzen aritu diren, gaur, uztailaren 3an abiatuko da Euskal Herria Zuzenean festibaleko 20. edizioa. "20 urte, urtero sortzen" lelopean antolatzaileek edizio berezi bat izanen zela zin eman zuten eta hilabete hauetan xede horretara heltzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Asteburuan zehar, ikusgarriek, kontzertuek eta hitzaldiek parte hartzaileak inarrosiko dituzte. Osagai askotako trukaketei esker "publikoa aktore" izatea espero dute antolatzaileek eta "ez bakarrik kontsumitzaile".

Gaurtik igandera arte iraunen duen EHZ zaflakoz beterik dator. Urtemuga ospatzeko, festibaleko antolatzaileek talde ezagunen lehiatik urruntzeaz gain, proposamen artistiko anitzei esker ikusleari bere baitarik ikusiko ez lituzkeen ikusgarriak eskainiko dizkio.

09.30etan Hazparne, Lekorne, Donoztiri, Heleta, Baigura edo Isturitzetik etorritako 300 bat haur festibaleko protagonistak izanen dira. 10.00etan Asisko Urmenetak karikaturen tailer bat egin ondoren, Paxkal Indok kontzertu parte hartzaile bat eskainiko du. Halaber, antolatzaileek joko handi bat iragarri dute. Arratsaldean, berriz, eskola bakoitzak sorkuntza bat proposatuko du.

17.30etan Elektrotxaranga eta Ttek taldeak idekitze ofiziala eginen dute eta ondotik Goliath, Tania de Sousa, Woods, The Offenders, Random Recipe eta Kuma No Motor taldeek kontzertuak eskainiko dituzte. Aurten, urririk izanen den eztabaida gunea "Emakumeak eta sorkuntza" mintzaldiarekin hasiko da.

Informazio praktikoak

Festibaleko aparkalekua eta akanpalekua urririk izanen dira hiru egunez. Sarrerak lortu ez dituztenek, tokian berean eskuratzen ahalko dituzte: hiru egunentzat 55 euroren, ostirala 26 euroren, larunbata 26 euroren eta igandea 26 euroren truke. Hamabi urte azpiko gazteentzat sarrera urririk izanen da.

Lekorneko festibalerat joaiteko autobusak, bost eurorentzat, Euskal Herri osotik izanen dira. Hain zuzen ere, Bilbo, Hernani, Donostia, Iruñea, Maule, Hendaia, Biarritz eta Baionatik abiatuko dira. Garraioei dagokien informazio gehiago hemen.