Argitxu DUFAU

Ziburun bigarren etxebizitzen zergapetzearen alde

Oposizioan den Ziburu Bizi talde abertzaleak, bigarren etxebizitzentzat zergak %20a igotzearen aldeko eskaera bat aurkeztu du. Jadanik 1.000 izenpetura bildu ditu.

 

Ziburu Biziko Leire Larrasa eta Eneko Aldana. ©Isabelle Miquelestorena
Ziburu Biziko Leire Larrasa eta Eneko Aldana. ©Isabelle Miquelestorena

Uztailaren 2an, oposizioan den Ziburu Bizi talde abertzaleak martxan jarri duen eskakizun baten berri eman du. Hain zuzen ere, bigarren etxebizitzen zergak %20az igotzea galdegiten du. Gaur egun arte, petizioak 1.000 izenpetura lortu ditu; hiriko hautesleen %20a.

"Oraindik ez dugu bukatu, kanpaina abendura arte iraunen du", adierazi du hautetsia den Eneko Aldanak. Ondotik, uxer batek izenpedura bilketa balioztatuko du eta kontseilu munizipalean aurkeztuko dute. Halaber, 2016an zergapetzea berriz bozkatuko dute. Zerga igotzeak etxeen jabeentzat urtean 100 eta 150 euroko igoera eragingo luke.

Agerraldiaren bidez, hautetsiek izenpetzaileak ideologia politiko askotarikoak direla azpimarratu dute. "Abertzaleak, sozialistak, baina baita azken hauteskundeetan Guy Poulouren alde bozkatu dutenak", esplikatu du Ziburu Bizik. Biztanleek eskaera ongi jaso dute, etxebizitzaren problematikarekin sentsibilizatuak direlako.

Herritarrei hitza eman

Hiru astez, hamabost bat militantek Ziburuko etxeak bisitatu eta espero zituzten baino izenpetura gehiago lortu dituzte. "Helmuga 800etan finkatua genuen", zehaztu du Leire Larrasa hautetsiak. Talde abertzalearen arabera, horrek herritarrak zergapetzearen alde direla erakutsiko luke. Gertutasunean oinarritutako politikari esker, jakin dugu ez ginela kezkatuak ginen bakarrak, baina batez ere desmartxari esker herritarrei hitza eman diegu", adierazi du Larrasak.

Eneko Aldanak Ziburun %42a bigarren etxebizitzak direla esplikatu du; "kasik etxebizitza bat pertsona bakoitzeko". "Herritarra eta euskalduna den Ziburu bat lortu nahi dugu", gehitu du.

Oposizioko taldearentzat bigarren etxebizitzen kostu altuak, alokairuetan eta salmenta igoeran eragin zuzenak ditu. "Badakigu horrek lanpostuak sortzen dituela, baina horiek ezegonkorrak dira", adierazi du Eneko Aldanak.