Kattin Chilibolost

Hautetsien kontseiluak herri arteko elkargoa hobetsi du

Hautetsien kontseiluak Euskal Herriko herri elkargo bakarraren sortzeko bide-orria berretsi du, gehiengo absolutuarekin. Herriko kontseiluekin adostu beharko dute plana.

Estatuko ordezkariak present herri arteko elkargoari begira  egin den batzarrean. © Isabelle Miquelestorena
Estatuko ordezkariak present herri arteko elkargoari begira egin den batzarrean. © Isabelle Miquelestorena

Uztailaren 1ean, Hautetsien kontseiluko kideen gehiengoa Euskal herriko hiri elkargo bakarraren alde jarri da. Kontrako sei bozka eta abstentzio bat izanik ere, 33 aldekoekin Ipar Euskal Herriko hiru probintziak elkartuko lituzekeen egitura onetsi da.

Baionako auzapez eta Hautetsien kontseiluko lehendakari den Jean René Etchegarayk "memento historiko"-tzat jo du atzoko batzarran gertatu dena. Gobernuak lurralde kolektibitatearen eskaerari muzin egin zionaz geroztik, herritarren eta Estatuaren arteko nahiak elkartzen dituen lanketa bat aitzina doan lehen aldia dela ohartarazi du Hautetsien kontseiluko lehendakariak.

Horrez gain, J.R Etchegarayk honakoa adierazi du: "Orain Ipar Euskal Herriko etorkizuna herri arteko elkargotik iragaiten da. Gutarteko batzuendako urrats bat aitzina besterik ez da, besteentzat, bere bereko helburu bat. Berdin du, huts egitekoa ez den hitzordua da".

Barda bozkatutako bide-orriak "barnekalde eta kostaldearen arteko elkartasunean oinarriturik, anbiziozko politika publikoen garapena ahalbidetu behar lukeen egitura" defendatzen du. Gisa beran, egitura berriak 2016ko eskualde handian Euskal Herriari leku garrantzitsuago bat eman beharko lioke. Herri arteko elkargoaren antolaketa eta ordezkaritzaren ezaugarriak oraino zehaztekoak gelditzen dira. Lehenbailehen, prefetarekin elgarrekilako lan prozesu bat eramaiteko xedeari aipu egiten dute, eta aldi berean, tokiko hautetsiekin elgarrizketa zabal baten bultzatzeko asmoa azaldu dute.

Jean-Jacques Lasserre isilik

Denboran lurralde kolektibitatearen defendatzaile sutsua, eta orai Departamenduko kontseiluko lehendakari baita, Jean-Jacques Lasserre bozketan abstenitu egin da. Departamenduko kontseiluan kide eta alaba duen Florence Lasserrek aldiz, Herri arteko elkartearen aurka bozkatu du. Aita ez bada segitua izan, alaba beste bost kostaldetar eskuindiarrengandik jarraitua izan da. Hala nola, Maider Arostéguy (departamenduko kontseilari eta Max Brissonen hautagaitza berekoa), Patrick Chasseriaud (departamenduko kontseilari), Angeluko herriko etxeko kontseilari diren Anthony Bleuze eta Jean-Pierre Laflaquière, eta Bidarteko auzapeza den Emmanuel Alzurik ere kontra bozkatu dute. Miarritzeko auzapeza Michel Veunac, berriz, ez zen bozkaketan present, Claude Olive Angelukoarena ere ez.

Ezinbesteko baldintza: herriko kontseilarien adostasuna

Hautetsien kontseiluaren gehiengoan berretsi duen proiektuaren martxan jartzeko, herriko hautetsiek beren baietza adierazi beharko dute. Hau da, 2016ko udaberrian prefetak herriko kontseilariei  egitura administratibo baten proposamena aurkeztuko die eta haiek bozkatu beharko dute. Proiektua martxan jarriko da baldin eta aldeko bozen kontaketak gutienez herrien erdia eta biztanleriaren erdia ordezkatzen badu.