Arantxa MANTEROLA

EH Bai ez da Akitania eskualdeko hauteskundeetara aurkeztuko

Ekainaren 27an Makean egindako biltzarrean ezkerreko mugimendu abertzaleak abenduan eginen diren eskualde mailako bozetara hautagaitzarik ez aurkeztea erabaki zuen, baita boto zuria eskatzea ere.

Ekainaren 27an iragan den EH Baien biltzarrean 200 bat militanteek parte hartu zuten. ©Mediabask
Ekainaren 27an iragan den EH Baien biltzarrean 200 bat militanteek parte hartu zuten. ©Mediabask

Akitania, Poitou-Charentes eta Limousin eskualdeez osatutako erregio berrirako bozetan EH Baik ez du hautagaitzarik aurkeztuko. Hala erabaki zuen larunbatean bere biltzar nagusiak. Deliberoa arrazoitzeko egungo abagune politikoa aipatu zuten Anita Lopepe eta Philippe Duluc bozeramaileek. «Egun plantan ematen ari den birzentralizazioa, eta ez deszentralizazioa gobernuak dion moduan, metropoli handien inguruan egiten ari da; gure kasuan, Bordele. Erreforma hori Ipar Euskal Herriaren kaltetan egingo da, ez baitio hemengo herritarren premiei erantzuten eta halako makroerregio batean beren hitza gero eta &bs;’urtuagoa’ geratuko baita» adierazi zuten.

Teknikoki ere boz horietan aurkezteak «zailtasun inportanteak» dituela ez zuten ukatu. «Ia 6 milioi biztanle eta 12 departamendu barnebiltzen dituen makroerregioan 300.000 euskal herritarren ordezkaritza erdiestea oso zaila da», azaldu zuten Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarekin osatutako barruti bat ez izateak dakarren oztopoa gogoratuta.

Agenda politikoa

Horrez gain, egungo agenda politikoan «beste hitzordu garrantzitsuagoak» badirela nabarmendu zuten EH Bilduko bi eledunek, Ipar Euskal Herriaren erakundetze bidean herri elkargo bakarraren aukeraren eztabaidari eta abenduaren hasieran Cop 21 aldaketa klimatikoari buruz Parisen egingo den gailurrari aipu eginez. Halere, martxoko Departamenduko hauteskundeetan 33.000 herritarren sostengua lortu zutela ikusirik, «gure irakurketarekin bat datozelakoan, zuriz bozkatzea» eskatuko dietela iragarri zuten.

Bestalde, EH Bai antolakunde politiko bezala indartzen doala azpimarratu zuten. «Barne antolaketako gaiak ukitu ziren batzarrean. 2014ko abenduan egin genuen batzar eratzailean, EH Bai alderdien koalizio izatetik tokiko taldeetan oinarritutako ezkerreko mugimendu abertzale izatera igaro zen», gogoratu zuten biek ala biek.

Egun hemezortzi tokiko talde eratuta daude eta 550 pertsona egin dira EH Baiko kide. Zuzendaritza organoa tokiko taldeetako ordezkariek eta, hein apalagoan, hiru alderdietakoek (AB, EA, Sortu) osatzen dute. «Mugimendua hedatzen ari da eta izaera zabal horretan oinarrituta egituratzea bera ere gorpuzten ari da», adierazi zuten Dulucek eta Lopepek.