Justine GIRAUDEL

Burasoak Baiona Ttipiko eskolaren hestearen kontra

Baiona Ttipiko lehen mailako eskolako burasoek 2017ko ikasturtearen hasieran eskola hetsiko dutela jakin berri dute. Eremua Bonnat Museoa handitzeko erabiliko lukete.

Baiona Ttipiko eskolaren aldeko sostengu taldearen agerraldia. © Mediabask
Baiona Ttipiko eskolaren aldeko sostengu taldearen agerraldia. © Mediabask

Ekainaren 25ean Baiona Ttipiko eskolako burasoek 2017ko ikasturtearen hasieran eskola hetsiko dela jakin dute. Eraikuntza, Bonnat Museoaren handitzea egiteko baliatuko lukete, hain zuzen ere, erakusketa gela bat eta erreserba sortzeko. Proiektu berria 2019rako gauzatu beharko lukete. "Haurrak kulturari oposatzea" errefusatuz, zerratzea baztertzeko, Herriko Etxearekin akordio bat lortu nahi dute.

Burasoek eskolaren hestea afixa baten bidez jakin dute eta kontrako erreakzioak fite agertu dira. Denbora guti eman dute eskolaren defentsarako talde bat sortzeko. "Erabili duten metodoa eta erabakia errefusatzen dugu", adierazi du taldeak.

Herriko Etxeak museoa handitu nahi du eta gisa horretan "Baionako herritarrei itzuli nahi die" eraikuntza. Proiektuaren kontrako taldearen ustez, horrek haurrengan eta auzoarengan eragin zuzenak izango lituzke.

Gaur egun arte, 78 ikaslek eman dute izena 2015eko ikasturte berriarentzat. Burasoen arabera, haur kopurua ez da apaltzen. Ikasleak Baiona Handiko eskolara eramanak izanen liratezke; horrek jadanik 172 ikasle ditu.

Eztabaida guneak

Burasoentzat proiektu horrek "hiri zentroko eskolen heriotza" eragingo luke eta horrekin batera haur eskolen desagerpena. Beren iritziz desmartxa "inposatua" eta "kontraesanez betea" da. "Ez gira oposizioan, baizik eta sentsibilizazioan". Eztabaidatzeko guneak sortu nahi dituzte. Iragarria bazen ere, Jean-René Etchegaray auzapeza ez da ekainaren 30ean antolatua zen eskolen kontseilura joan.

Bonnat Museoaren garapena ziurtatzeko, burasoek "aterabide berriak proposatzeko helburuarekin, gauzak berriz kontsideratu nahi dituzte". Orotara, Baiona Ttipiko haur eskola eta lehen mailako eskoletan 140 haurrek eman lukete izena. Zerbitzua mantentzeko, Interneten hedatu duten agiri baten bidez, burasoek izenpedurak bilatzen dituzte.