Iurre BIDEGAIN

Euskal ikasleak Baxo "elebiduna" hasteko prest

Ekainaren 17an Estatu frantseseko Terminaleko ikasleek, Filosofiaren azterketarekin, Baxoa hasiko dute. Sei egunez, hainbat gairi aurre egin beharko diete eta Bernat Etxepareko euskal ikasleen kasuan, urtean zehar euskaraz ikasi dituzten gai batzuk frantsesez pasatu beharko dituzte azterketan egunean.

Cassin lizeoan egindako aldarrikapenaren irudia. ©Isabelle Miquelestorena
Cassin lizeoan egindako aldarrikapenaren irudia. ©Isabelle Miquelestorena

Ekainaren 17tik 24era Estatu frantseseko ikasleek Baxoari aurre egin beharko diete. Filosofiak azterketari hasiera emanen dio. Urtero bezala, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek Baxoa euskaraz pasatzeko aldarrikapena eginen dute; "oinarrizko eskubide bat" delako. Seaskarekin batera, Baionako Cassin azterketa zentroaren aitzinean 12.00etan elkarretaratze bat antolatuko dute.

Euskal ikasle eta irakasleek elkarretaratzean parte hartu dute. Haien artean, Seaskako zuzendaria den Hur Gorostiagak "medio tekniko eta legalak" daudela adierazi du. "Baina, borondatea falta da", gaineratu du.

Bernat Etxepare lizeoko ikasleak osaturik, Baxoa Euskaraz mugimendua duela bost bat urte sortu zen. Gaur egun partaide den Aitor Servierrek urtean zehar egiten diren dinamikak "ikasle belaunaldi ezberdinen asmoei" lotuak direla adierazi du.

Orain arte, ekimen garrantzitsuetan presentzia erakusteaz gain, adibidez Korrikan edo Herri Urratsen, Baxoa Euskaraz dinamikak azterketa osoa euskaraz pasatzeko aldarrikapena islatzeko, errektoretza eta Hezkuntza ministeritzari gutunak bidali zizkien.

Servierren arabera, errektoretzak erreforma ez zela bere eskumenetan sartzen erantzun zien; horregatik dinamikak Hezkuntza ministeritzara jo zuen. "Ministeritzak legearen interpretazioa egin zuen eta azterketaren zati bat euskaraz pasatzea onartu arren, ezin genuela Baxoa osoki euskaraz pasa erran zigun", adierazi du ikasleak.

"Egoera blokeatua"

2012an matematika euskaraz pasatzea lortu zuten; dinamikak aldaketa "baikorki" baloratu zuen. "Bidean egiten diren urratsak poztekoak dira, baina ikusten da ez dagoela egoera konpontzeko asmorik. Egoera blokeatua dago", esplikatu du Servierrek.

Gaur egun, Bernat Etxepare lizeoko ikasleek, historia-geografia, matematika, euskara, zientzietako lan praktikoa eta LPJ talde ikerketa lanaren azterketak euskaraz pasatuko dituzte. Aldiz, urtean zehar euskaraz ikasitako biologia, fisika, filosofia eta ekonomia frantsesez egin beharko dute.

Ikaslearen hitzetan, Euskararen Erakunde Publikoak egindako inkestek,  Baxoa euskaraz zuzentzeko nahiko irakasle daudela frogatu dute. "Baxoa frantsesez pasatzeagatik ez dut gehiago sufrituko, Seaskak maila egokia bermatzen digulako, baina euskaraz bizitzeko nahikeriari lotua da", azpimarratu du ikasleak.