Maider Eizmendi

Etxe Zuriko emakumeak

Hillary Clintonek bere hautagaitza aurkeztu du AEBetako presidentetzarako. Bere helburua lortzen badu, lehen emakume presidentea izango da. Ez da, ordea, bide hori abiatu duen lehendabizikoa, 1872. urtean Victoria Woodhull Etxe Zurirako lehen emakumezko hautagaia izan zen eta. Aurretik edo alboan, pisua duen eredurik ere ez zaio falta Hillary Clintoni AEBetako politikagintzan.

Victoria Woodhull Etxe Zurirako lehen emakumezko hautagaia izan zen.
Victoria Woodhull Etxe Zurirako lehen emakumezko hautagaia izan zen.

Hillary Clintonek pasa den apirilean iragarri zuen 2016ko hauteskundeetarako bere hautagaitza. Modu horretan guztiek espero zuten albistea berretsi baino ez zuen egin Alderdi Demokratako kideak, jakina baita AEBetako presidente bilakatzeko duen grina. 2008an bertan erakutsi zuen bere asmoa hautagaitza aurkeztuta, baino garaian Illinoisko senatari zen Barack Obama hautagaiak zapuztu zion bere asmoa alderdiko hauteskunde primarioak irabazi eta presidentetzarako hautagai bilakatu zenean.

Obama AEBetako lehen presidente beltza bilakatu zen hauteskundeen ostean eta adituak hasi dira jada esaten Hillary Clinton lehen presidente emakumezkoa izango dela baldin eta bere asmoetan aurrera egitea lortzen badu. Lehen galdeketek Alderdi Demokratako lider izateko aukera handiak dituela nabarmendu dute, bai eta Alderdi Errepublikanoa garaitzeko aukera handiak ere. AEBak, beraz, emakumezko lehen presidentea izateko ateetan daude lehen inkesten arabera.

Obamarekin izan zuen lehian bertan nabarmendu zuen Clintonek emakumeek erabaki postuetara iristeko dituzten zailtasunak. «Ez gara kristalezko sabai gogorra hausteko gai izan oraingoan, baina, zuei esker, 18 milioi pitzadura eragitea lortu dugu», esan zuen orduan. Oraingo honetan ere beste behin guztia emateko prest agertu da bere senarraren itzaletik irten eta ibilbide propioa egin duen 67 urteko politikaria.

Clintonek jarritako helburuak zein ibilbide izango duen jakin gabe, emakumezkoek AEBetako politikagintzan duten eta izan duten pisuaz hausnartzeko balio du bere saialdiak, bai eta historiaren kontakizunean ezkutuan geratuagatik mugarri garrantzitsuak jarri zituzten emakumeen izenak azaleratzeko ere. Izan ere, Hillary Clinton agian AEBetako lehen presidente bilakatuko da, baina ez da lehen hautagai emakumezkoa.

1872an hautagai

1838an jaio zen Ohion AEBetako politikagintzan ikur den Victoria Woodhull. Bera izan zen Etxe Zurirako lehian sartu zen lehen emakumezkoa. 1872an hautagaitza aurkeztu zuenean emakumeek ez zuten boto eskubiderik ere. Bozkatzeko eskubidea ez zen 1920ra arte iritsiko emakumeentzat. XX. mendearen hasieran hasi ziren mugimendu sufragistaren proposamenak arrakasta izaten. Estatu batzuetan emakumeek boto eskubidea osotasunean lortu zuten, eta, beste hainbatetan, herri mailako hauteskundeetan parte hartzeko aukera. Kalean egin zuten aldarria eta martxak eta mitinak ohikoak bilakatu ziren. 1917rako hamasei estatutan lortua zuten boto eskubidea, baina AEBetako Konstituzioa ez zen 1918ra arte moldatu, Woodrow Wilson presidente zela.

Eskubide gisa ordura arte aitortu ez bazen ere, emakumeek bazuten hautagai gisa aurkezteko aukera eta zirrikitu horri probetxu atera nahi izan zion Woodhullek Equals Rights Party alderdiaren zerrendaburu gisa. Emakumeen eskubideen defendatzaile sutsua, garai hartan emakumeei ezarritako arau zurrunei aurre egin zien bere jardun eta ekintzekin.

Emakumeen boto eskubidearen aldeko mugimenduari lotua, 1871n berak sortutako alderdiaren buruzagitza hartu zuen. Hala, AEBetako presidentetzarako lehen hautagai bilakatu zen. Politikagintzan ez ezik, beste alor batzuetan ere mugarriak ezarri zituen, astero kaleratzen zen egunkari bat sortu zuelako eta Wall Streeten broker gisa aritu zelako bere ahizparekin batera sortu zuen marka batekin.

Presidentetzarako egin zuen bidea, ordea, laburra izan zen, hauteskundeak egin aurretik ahizpa eta biak espetxeratu egin zituzten eta. Sortu zuten astekarian kaleratutako artikulu bat izan zen aitzakia. Argitalpenean emakumeen boto eskubidea aldarrikatzen zuen Woodhullek eta garaiko gizartearen hipokresia salatzen zuen. Oihartzun handia lortu zuen, esaterako, Henry Ward Beecher apaiz protestantearen kontra argitaratu zuen artikuluak. Agindu moral ugari emanagatik, adulteriogilea zela salatu zuen artikuluan, bere hipokresia azaleratuta. Garaiko agintariei, noski, ez zitzaizkien batere gustatu artikuluaren tonua eta edukia eta bi ahizpak espetxeratzeko agindua eman zuten. Horregatik ezin izan zuen lehen saiakera hura gauzatu, baina ez zuen etsi eta beste bi aldiz ere aurkeztu zen hautagai gisa hauteskundeetan.

Victoria Woodhullen ibilbidearen pasarteak jaso dituztenek bere bizimodua ere nabarmendu dute. Hainbat anaia-arreben artean –iturri batzuek zazpi diote eta beste batzuek hamar– bosgarrena izan zen Woodhull. Ama igarlea eta aita sendagai saltzailea zituen, eta hamabost urte baino ez zituenean ezkondu zen Canning Woodhull sendagai saltzailearekin. Bi seme-alaba izan zituen berarekin baina bikote harremana infernua izan zen Victoriarentzat, senarrak behin eta berriz jipoitzen zuelako. Dibortzioak emakume baten izen ona erabat suntsi zezakeen garai batean, ausardiaz jokatu eta pausoa eman zuen Victoriak. 1866an berriz ezkondu zen, James Harvey Bllod koronelarekin. Britainia Handian hil zen 1927an.

«Izar ideologikoa»

Hillary Clintonek Victoria Woodhull aurrekari du, eta, Elizabeth Warren, alderdikide. Baita arerio gogor ere primarioetara aurkeztuko balitz. Izan ere, Warrenena da AEBetako politikagintzan letra larriz idazten den beste emakume izenetako bat. Alderdi Demokrataren «izar ideologikoa» dela diote analista politiko hainbatek eta presidentetzarako hautagaitza aurkezteko duen aukera ez du baztertzen prentsak. 2013tik Massachusetts estatuko senataria da, eta Obamaren itzalean eta alderdiko ezkertiarren babesean gero eta sona handiagoa hartzen ari da. “Time” egunkariak eragin handiena duten munduko ehun emakumeen zerrendan sartu du bi alditan.

19 urterekin ezkondu zen Warren eta jada bi haurren ama zela amaitu zituen Zuzenbide ikasketak. Bere haurtzaroa ez zen xamurra izan. Aitak lana galdu zuen bihotzeko baten ondorioz gaixotu zenean, eta, hori dela eta, etxean lan egiten zuen amak lan merkatura jo behar izan zuen hipotekatuta zuten etxea ez galtzeko. Horrek, zenbaiten ustez, erabat baldintzatu ditu Warrenen lehentasunak eta ibilbidea politikoa. Doktoretza osatuta, zorpetze pribatuan eta familien porrot ekonomikoan espezializatu zen. Bere argitalpenek ez zuten son handirik lortu 2008an krisia lehertu zen arte. Orduan familien egoera larriaren eta bankuen jokabidearen inguruko eztabaida berpiztu egin zen AEBetan, eta Warrenek esandakoek indarra hartu zuten. Obamak berak finantza produktuen kontsumitzaileen babeserako erakundea sortzeko Warrenen proposamena hartu eta Kontsumitzaileen Finantza Babeserako Bulegoa sortu zuen. Erakunde horrek, hain justu ere, gertutik zaintzen du Wall Streeten jarduna.

Wall Street astintzen

Warrenek behin baino gehiagotan salatu du ekonomiaren joana eta sarri aipatu du «jokoa trukatuta» dagoela: «Enpresa handiek eragin handiko pertsona asko kontratatzen dituzte milaka milioiko abantaila fiskalak lortzeko, eta Kongresuan dituzten lagunak ere jokoaren arauak beren alde jartzeko baliatzen dituzte. Bien bitartean, gogor lan egiten duten familiei esaten zaie beren seme-alabentzat amets umilagoak izanda bizi beharko dutela», nabarmendu izan du Warrenek.

Bankuak ere gogor jo ditu. «Bankuek Kongresua presionatu zuten iruzur egin eta abantaila legalak lortzeko. Ondoren erreskatatu egin zituzten, eta, orain, lehen baino aurrezki gehiago dituzte. Familia batek hipoteka ordaindu ezin duenean kalean geratzen da; bankuek legeak betetzen ez dituztenean inor ez dute atxilotzen eta mandatari guztiek euren soldata izugarriak mantentzen dituzte», salatu zuen iaz txaloka erantzun zion jendetzaren aurrean.

Alderdi Demokratako ezkertiarrenen begiko den Hardvard Unibertsitateko zuzenbide irakasle honek behin baino gehiagotan esan du ez duela presidentetzarako hautagaitzarik aurkeztuko. Bide horri ekiten ez badio ere, Hillary Clintonen kanpaina eta proposamenak baldintzatzeko balio izan du Warrenen jardunak, politika aurrerakoiagoak bultzatzeko, alegia.

Boterea eta mundu mailako umiliazioa

Politikagintzan apenas egin zuen biderik, baina AEBetako politika eta emakumeak aipatutakoan ia ezinbestekoa da Monica Lewinsky aipatzea. 1998an egin zen ezagun, Etxe Zurian bekadun gisa lanean ari zela garai hartako presidente Bill Clintonekin izandako aferarengatik. Urteetan isilean egon ostean, berriki kontatu du umiliazio publikoaren kulturaren biktima izan zela. «Interneten erruz mundu guztian bere izen ona suntsituta ikusi zuen lehen pertsona izan nintzen. Teknologiari esker gertatzen den balore epaiketen lasterketak harri birtualak botatzen dituzten pertsonen mobilizazioa eragiten du», azaldu du ciberbulling-aren inguruan eskaini duen hitzaldi batean. «22 urterekin nire nagusiaz maitemindu nintzen eta 24 urterekin ohartu nintzen horren ondorio suntsitzaileez». Horrela abiatu zuen pasa den martxoaren 19an Internet bidezko jazarpenaz eskaini zuen hitzaldia. «Orduan eta umiliazio handiagoa, are eta klik gehiago; eta orduan eta klik gehiago, are eta diru gehiago lortzen dute batzuek publizitatearen bidez. Sufrimenduaren kontura ari gara dirua egiten», aipatu zuen.

Asko hitz egin zen 90eko hamarkada amaieran Lewinskyren inguruan eta orain berak hartu nahi izan du hitza. Askok txalotu dute bere ausardia. «Clintonekin izan nuen harremana adostua izan zen, jazarpena bere botere posizioa defendatzen hasi zenean jasan nuen... Bere aldekoak, politikoak eta komunikabideak, ni seinalatzeko gai izan ziren», salatu du. Presidenteak Lewinskyrekin izandako harremana ukatu egin zuen hasiera batean, azkenerako, erabat presiopean, onartu egin behar izan bazuen ere. Ordurako Kenneth Starr fiskalak harremanaren nondik norakoak jasotzen zituen 400 orrialdeko txostena ezagutzera emana zuen eta Lewinskyren irudia lur jota zen.