Kattin Chilibolost

Hizkuntza gutituen karta... luzaz itxoiten

Hizkuntza gutituen kartari buruz eginiko azken deklarazioaren harira, Jean-Jacques Lasserrek prentsa agiri baten bidez bere iritzia jakinarazi du. Azken gertakari hau nahikoa ez den "sinbolotzat" jo du.

Jean-Jacques Lasserre, Kontseilu Nagusiko presidentea (Bob EDME)
Jean-Jacques Lasserre, Kontseilu Nagusiko presidentea (Bob EDME)

Departamenduko lehendakaria eta senataria den Jean-Jacques Lasserren iduriko, hizkuntza gutituen kartari buruz egin den deklarazio ofiziala ez da nahikoa.

Jean-Jacques Lasserrek, Kartari buruzko eztabaiden joan jinak oroitarazi ditu. 2013ko kolegioen birfundazioari buruzko eztabaida, edota 2014ko Urvoasen lege proposamena, jarraipenik gabeko gertaerak izan direla azaldu du. Hortaz, senatariak François Hollanden azken deklarazioa beste agerpen mediatiko huts bat besterik ez dela ulertarazi du.

Horretaz gain, Jean-Jacques Lasserrek hizkuntzen ezagupenaren alde aitzinamenduak egitekotan, aspaldian neurri zehatz eta jakinak hartzen ahal zirela adierazi du eta hizkuntza gutituen ezagupenaren itxoite horrek "ondorio latzak" dakarzkiela lurralde mailan esplikatu du.

Ekainaren 3an, François Hollandek ministro bati hizkuntza gutituen europear Kartaren egikaritzeko lege proiektu baten prestaketa eskatu zion. Europar Batasunak karta duela 23 urte adostu zuen. Frantziak 1999an izenpetu zuen, baina ez zuen sekulan balioztatu. Karta honek hizkuntza gutituen ezagupen ofiziala aitortu behar lukeelakoan, besteak beste aldaketa konstituzional bat behartzen du.