Kattin Chilibolost

Hizkuntza gutituen ituna : aldatu... ez aldatzeko ?

François Hollande frantses lehendakariak Hizkuntza gutituen aldeko Europako ituna berresteko lege proiektu baten prestatzea eskatu dio ministro bati.

1999 an izenpeturik, 2012ko hauteskunde kanpainan hitz eman zuen Hizkuntza gutituen Eurokarta © Ian Langson
1999 an izenpeturik, 2012ko hauteskunde kanpainan hitz eman zuen Hizkuntza gutituen Eurokarta © Ian Langson

Ekainaren 3an, François Hollandek ministro den Christianne Taubirari Hizkuntza gutituen aldeko Europako ituna izenpetzeko lege proiektu baten prestatzea eskatu dio. Itunaren egikaritzeak frantses konstituzioan aldaketak egitea behartzen duela iragarri du, eta horretarako, senatariak eta diputatuak biltzen dituen Kongresuaren bidea hobetsiko lukeela zehaztu du.

Alderdi sozialistako diputatu diren Colette Capdevielle eta Sylvianne Alaux-k eskaera begi onez ikusi dute. Aho batez, frantses Parlamentuko hizkuntza gutituen lantaldeko lehendakari den Jean Jaques Urvoasek 2013an presentatutako eurokartaren egikaritzeko lege proposamena bildu zuen arrakasta gogorarazi dute. Garai hartan, hain zuzen ere, legebiltzarreko 361 diputatuk, 149ren kontra, hizkuntza gutituen lege proiektuaren alde egin zuten.

Euskal Konfederazioko kide eta Seaskako zuzendari den Hur Gorostiagak, berriz, 2014ko urtarrilean bozkatu zen lege proposamena hizkuntza gutituen eskubide osoak murrizten dituen artikulu bat daramala ohartarazi du. Lege proposameneko 53-3 artikuluak, hain zuzen ere, hizkuntza gutituei eta bere hiztunei eskubide kolektiboak ukatzen lizkieke, alde batetik. Eta bestetik, zerbitzu publiko bat eskaintzen duten eragile pribatu zein publikoei eta beren erabiltzaileei frantsesa inposatuko lieke.

Hau da, funtzio publikoa duten egitura guzietatik at geldituko litzateke euskara. Euskal irratiei eskainitako elkarrizketa batean, Eneritz Zabaleta juristak horrela zioen : "zergatik Konstituzioa aldatu eta baimena eman itunaren berresteko, gero, horren interpretaziorako hainbeste neurri neutralizante sartzen badituzu ?" Hortaz, Hur Gorostiagak, bere ustez, "jukutria politiko" bat besterik ez dela adierazi du.

Irakaskuntza mailako eraginak zalantzan

LAB iraskuntza sindikatuak, menturazko aurrerapenak ikusten ditu proposamenean. Karta berresten balitz, "sare publikoan euskarazko irakaskuntza orokortzea ekar lezake, baldin eta familien gehiengoaren nahia errespetatzen eta bideratzen bada". Horrez gain, sindikatuak dio ikastolek "behar duten ezagutza eta kontsiderazioa" eskuratuko luketeela, baina horretarako iragarpen efektutik haratago "egiazko borondate politikoa" behar dela iragarri dute.
Aldi berean, argi uzten dute euskarak ez duela neurri honen bidez doakion ofizialtasuna lortuko, eta "euskarak irakaskuntzan zein bizitza publikoan aitzina egin dezan borrokatzen eta mobilizatzen segitu beharko" dutela.

Ikas-Biko lehendakari den Thierry Delobelek, era berean, legeak bere eragina erakutsi aurretik eztabaida eta iritzi askoren epaietatik pasatu beharko duela zehaztu du. Eta Konstituzioan benetako aldaketa baten egiteko gai izango denik ez du ikusten.

23 urte ondoren...

Hizkuntza gutituen eurokarta 1992an Europako estatuen esku jarria den neurri itun bat da. Frantziak 1999an izenpetu zuen, baina geroztik inoiz ez zuen berretsi, frantsesa Frantziako hizkuntza bakarra dela dioen Konstituzioaren 2. artikuluaren aurka doalako, besteak beste. François Hollandek, hain zuzen ere, bere kanpainan hitzeman egin zuen neurri bat izan zen. Aldi honetan, François Hollandek Kongresuaren bidea hautatuz, legearen berresteko beste bidea, erreferrendumarena saihestu du.