Kazeta

Baigorriko postaren aldarrikapenak Pauen entzunak

Ehun bat pertsona mobilizatu dira Baigorriko plazatik Paueraino, maiatzaren 30ean, Postako gutunen sailkatze zentroa mantentzearen alde. Irailean, zerbitzua hori Donibane Garazira eramanen dute.

Ehun bat pertsonek mobilizazioan parte hartu dute. ©Isabelle Miquelestorena.
Ehun bat pertsonek mobilizazioan parte hartu dute. ©Isabelle Miquelestorena.

Baigorriko gutunen sailkatze zentroa mantentzearen alde, ehun bat pertsona elkartu dira mobilizazio bat burutzeko xedearekin, maiatzaren 30an, 08.30etan. Bi traktore, bi autobus eta auto lerro bat Baigorriko plazatik Pauen kokatua den Postako gutunak sailkatzeko egoitzaraino zuzendu dira. Bertan, 11.30ak aldera, irailean zerbitzua Donibane Garazira eramaitearen erabakia salatu dute manifestariek.

Banka, Aldude eta Baigorriko auzapezekin batera, ehun bat herritar mobilizatu dira autopistan eta, ondoren, Paueko Postako egoitzaren atean elkartu dira. Halaber, gaur egun zonaldean lan egiten duten zazpi postariek ere parte hartu dute.

Gogoratu behar da "segurtasun arazoetan" oinarrituz, Baigorriko posta zerbitzua Donibane Garazira eraman nahi dutela. Maiatzaren 26an herritarrak informatzeko bilkura bat egin zuten eta iragan ostiralean zerbitzua mantentzearen aldeko kolektiboak antolaturik, berrogei bat pertsonek Postako arduradunen autoak blokatu zituzten. Horiekin bildu ondoren, kolektiboak "aitzinamendurik ez" zuela lortu adierazi zuen.