Argitxu DUFAU

Alternatiba Itzulia: ingurumenaren aldeko 5.600 kilometroak

Alternatiba mugimenduak ekainaren 5ean Baionatik hasiko den Alternatiba Itzulia aurkeztu du. 5.600 kilometroko ibilbidea izanen duen ekimenak, ingurumenaren aldeko aterabideekin sentsibilizatzeko helburua du.

Alternatiba Itzulia ekainaren 5ean abiatuko da Baionatik. (©Alternatiba)
Alternatiba Itzulia ekainaren 5ean abiatuko da Baionatik. (©Alternatiba)

Ekainaren 5ean abiatuko den Alternatiba Itzuliak Europa osoa zeharkatuko du. Baionatik hasi ondoren, bizikletaz iraganen den ekimenak hirietan "egunerokotasunean ingurumenaren aldeko aterabideak martxan jartzen ahal direla" frogatuko du.

Mugimenduak ingurumenaren aldeko ekimenarekin bat egiteko deia luzatu du. Hain zuzen ere, bizikletaz edo motorrik ez duen garraioetan itzulian parte hartzera gonbidatu du. "Mobilizatzeko tresna bat sortu nahi dugu", adierazi du antolatzaile batek.

Euskal Herria, Suiza, Alemania, Belgika edo Luxenburgo zeharkatuko duen 5.600 kilometroko ibilbidea burutuko dute eta hunek 187 etapa ezberdin izanen ditu. Hamar pertsonez osatutako taldeak hiru edo lau lekudun bizikletetan ibiliko dira.

Irailaren 26an, Cop 21 ekimena iraganen den mementoan, Alternatibaren itzulia Parisen bukatuko da. Ingurumenaren aldeko aterabideak martxan jartzen ahal direla frogatu nahi dute. Horretaz gain, mobilizazio hunekin klima eta justizia sozialaren arteko zubia eraiki nahi dute.

Hasierako programa

Ekainaren 5ean itzulia hasi baino lehen, Baionan hainbat ekitaldi antolatuko dituzte. Alde batetik, 10.00etan Baionako elkarteen etxean, justizia klimatikoaren aldeko militantea den Maxime Combesek konferentzia bat eskainiko du. Beranduago, Alternatiba Itzulia, Garazi eta Bilboko Alternatibak aurkeztuko duten bideoa ikusten ahalko da.

Goizean zehar, musika eta dantza emanaldiak prestatuko dira. Besteak beste Oreka TX taldeak edo Patxi Iriartek ekimenean parte hartuko dute. Halaber, Victor Pachonek, Mendi Estebanek edo Mixel Berhocoirigoinek hitza hartuko dute.