Kazeta

Emazte bat atxilotua Biarritzen "ETArekin kolaboratzeagatik"

Bi pertsona atxilotu lituzkete Estatu frantseseko poliziak eta Guardia zibilak eta Biarritzen kokatutako etxebizitza bat miatu dute, bertan ETAk armak gordetzen zituztelakoan. Estatu espainiarraren ministeritzak "ETArekin kolaboratzeagatik" atxilotu dituztela adierazi du. Gaurko operazioaren kontra elkarretaratzea antolatuko dute Biarritzen.

 

Gaur goizetik Biarritzeko etxea miatzen ari da polizia. © Bob EDME
Gaur goizetik Biarritzeko etxea miatzen ari da polizia. © Bob EDME

Baionako Polizia Judiziarra eta Guardia Zibilak Biarritzen "arma kopuru handia" gordetuko lukeen etxebizitza bat miatu dute. Estatu espainiarraren Ministeritzak, "ETAren armak direla" adierazi du. EFE agentziak lehergailuak egiteko materiala aurkitu dutela argitaratu du. Gaurko operazioa salatzeko, atxilotutako Nathalie Chasseriaux-en bikote ohiak 19.00etan Biarritzeko Clemenceau plazan elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu du.

Goizeko 06.00etatik 17.00ak arte, operazioan parte hartu dutenek Biarritzeko Posta karrikan kokatua den "Villa Calbarre" etxea miatu dute. Operazio huntan bi pertsona atxilotu lituzkete. Euskal Irratien arabera, Nathalie Chasseriaux litzateke horietako bat eta bestea bere bikotea lirateke (T.V inizialak dituen izena argitaratu dute).

Cadena Ser komunikabideak ETAk su-etena iragarri baino lehen eskuratutako armamentua litzatekeela esplikatu du. Bikotea "armak edukitzeagatik" atxilotu lituzkete eta jujearengana joaiteko zain dira.

Estatu espainiarraren Ministeritzak operazioa ETAren egituraren kontrako ikerketa bat dela zehaztu du. Hain zuzen ere, 2014ean abiatutako egitura "tekniko-logistikaren" kontrakoa da. Barne ministroa den Jorge Fernández Díaz-ek gaurko operazioa "2012. urtetik lurralde frantsesean burututako operaziorik garrantzitsuena" dela adierazi du.

"Ez baldin bada bide onetik desegiten, bide txarretik deuseztatuko da. Pentsatzen baldin bazuten armak haitzaki gisa erabiltzea Gobernuarekin negoziatzeko, guztiak kenduko dizkiegu", azpimarratu du ministroak.

Bagoaz eta EH Baik gaur 19.00etan Biarritzeko Clemenceau plazan antolatuko den elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu dute.