Iurre BIDEGAIN

Oier Oaren aldeko kanpaldia Larresoron

Maiatzaren 29rako, Oier Oaren sostengu taldeak kanpaldi bat antolatu du. Hilabeteko azken ostiraletan egiten den euskal presoen aldeko elkarretaratzearen ondoren, Oak bizi izan duen "prekarietate" egoera islatuko da.

 

Ehunka pertsonek parte hartu zuten Oier Oaren aldeko manifestaldian, Larresoron. © Bob EDME
Ehunka pertsonek parte hartu zuten Oier Oaren aldeko manifestaldian, Larresoron. © Bob EDME

Maiatzaren 29an, hilabeteko azken ostiral guztiz bezala hainbat herritan euskal presoen aldeko elkarretaratzeak eginen dira. Ekimenaren karietara, Larresoroko sostengu komiteak herriko plazan Oier Oaren aldeko kanpaldia antolatuko du. Horretaz gain, biharamunean 19.30etatik aitzina "Couscous sostengu afaria" prestatuko da.

"Larresoroko eta kanpoko herritarrei Oier Oak bizi izan duen ezegonkortasun egoera erakutsi nahi diegu", adierazi du sostengu komiteko kidea den Pantxo Belinek. Horretarako kanpaldiaz gain, biharamunean afari bat antolatuko dute. "Argi utzi nahi dugu iniziatiba librea dela. Edonork parte hartzen ahal du eta beste ekimenak antolatzen ahal lituzkete", azpimarratu du kideak.

Euskal presoen eskubideen alde lan egiten duen Bagoaz taldeak hitzorduetan parte hartzeko deia luzatu du. "Oier Oaren egoera ez da konpondu. Bagoazetik Oier bakean uztea eskatzen dugu eta batez ere bere familiarekin Euskal Herrira itzultzea nahi dugu", azpimarratu du kidea den Emilie Martinek.