Iurre BIDEGAIN

Aldaketa politikoaren garaia ailegatu da Nafarrora

Maiatzaren 24an iragan diren hauteskundeen emaitzek Nafarroan garai baten bukaera sinbolizatu dute. Aldaketaren alde apustua egiten duten EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrak UPN kanporatzeko beharrezkoak diren zinegotzi kopuruak lortu dituzte. Uxue Barkos (Geroa Bai) Nafarroako presidente berria izanen litzateke.

Adolfo Araizek EH Bilduk lortutako emaitzak ospatu ditu. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)
Adolfo Araizek EH Bilduk lortutako emaitzak ospatu ditu. (Iñigo URIZ / ARGAZKI PRESS)

Itxaronaldia luzea izan da. Baina aldaketa Nafarrora ailegatu da. Maiatzaren 24an Hego Euskal Herrian iragan diren hauteskundeek emaitza ustekabeak utzi dituzte. Nafarroan, 2011. urteari konparatuz parte hartzea %2.23 igo da. EH Bildu, Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrak parlamentuan muga gainditzeko beharrezkoak diren zinegotziak lortu dituzte. Horretaz gain, Iruñerrian, Tuteran edo Tafallan EH Bildu garaile izan da.

90.000 bozekin, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak UPNk irabazi ditu, baina aldaketaren alde lan egiten duten alderdien batzeari esker, gehiengoa irabaziko lukete. Hain zuzen ere, Geroa Baik 9 zinegotzi, EH Bilduk 8, Ahal Duguk 8 eta Ezkerrak 2 lortu dituzte.

"Independentzia" oihuen artean, EH Bilduko zerrendaburua den Adolfo Araizek "denen artean eginen" dutela adierazi du. "Beste Nafarroa bat lortuko dugu", azpimarratu du Iruñean iragandako agerraldian.

Geroa Baiko zerrendaburua den eta koalizioarekin Nafarroako presidente berria izanen litzatekeen Uxue Barkosek ospakizun sentimendu berdina adierazi du. "XXI. mendeko Nafarroa defendituko dugu eta abertzaleak bezala herria garai huntako erronketara eramanen dugu", erran du Barkosek.

Herri txikietan ere

Herriko etxeko hauteskundeek ere aldaketarako paradak eskaini dituzte. Iruñean adibidez, nahiz eta UPNkoa den Enrique Mayak 30.000 boza irabazi dituen, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak lortutako zinegotzi kopuruak batuz, hamalau lortuko lituzkete. UPNk lortutako hamar zinegotziren eta PSNren hiruen aitzinean, gehiengo izanen litzateke.

Aldaketa horren desioa beste herrietan agertutako emaitzetan ere plazaratu da. Luzaideko herrian orain arte herritarren boz gehiena UPNk lortu bazuen, baina maiatzaren 24ko bozek aldaketarako desioa erakutsi dute. Orotara, 298 erroldatuen gain 169 herritarrek bozkatu dute. Geroa Baik 47 bozekin garaipena lortu du. 2011an, UPNk 75 boza lortu zituen arren, atzo 39 luzaidarrek bakarrik egin dute bere aldeko apustua.

Halaber, Nafarroako Pirinioetako herri gehienetan, abertzaleak garaile agertu dira. Garralda, Abaurreagainean, Hiriberrin edo Orbaitzetan herritarrek EH Bilduren alde bozkatu dute. Auritzen UPNk garaipena lortu du 49 bozekin eta Ariben Geroa Baik 10ekin.