Kattin Chilibolost

Ikas Biren protestak Parisen entzunen

Joan den asteko maiatzaren 5ean Ikas Bik egin duen biltzar nagusiaren ondotik, elkarteak jakinarazi du maiatzaren 27an Pariseko Hezkuntza ministeritzako bulegoetan errezebituak izanen zela.

"Hezkuntza publikoa, euskararentzako eskubiderik gabeko gunea da", Ikas Biren arabera. © Isabelle MIQUELESTORENA
"Hezkuntza publikoa, euskararentzako eskubiderik gabeko gunea da", Ikas Biren arabera. © Isabelle MIQUELESTORENA

Hezkuntza ministeritzaren diskurtso "irakurtezinaren" salaketa eta mobilizazioa aipatu da Ikas Biren azken bilkuran. Hautetsien isiltasunaren aitzinean, maiatzaren 26an Parisera, Hezkuntza ministeritzara, joatea erabaki dute elkarteko kideek. Flarep federazioaren izenean eginen dute bidea, hezkuntza politikarekiko diskurtsoa argitzea eta konfiantza berreskuratzea dute helburu Ikas Biko gurasoek.

"Hezkuntza publikoaren baloreen defendatzeko mugak jartzen dizkigu Hezkunde nazionalak", dio Ikas Biko lehendakariak, Thierry Delovelek. Hezkuntza publikoa, denen esku den eskubidea den heinean, babestu nahi dute eta, ondorioz, Ikas Biko kideak Hezkuntza ministerioaren lan postu prekarizazio eta murrizketen kontra mobilizatzen dira.

Hezkuntza ministerioak daraman diskurtso bikoitza salatzen dute, horrez gain. 2011n bost eskola berri idekitzen zituen bitartean, elebidun saileko lanpostuak gutitu zirela oroitarazi du, besteak beste, Ikas Biko lehendakariak. Nahiz eta kolegioen erreformak ez duen hezkuntza elebiduneko saila hunkitzen, hizkuntza politikaren eta hezkuntza publikoaren aldeko neurri eta baliabide eskasak salatu ditu.

Hortaz, hezkuntza elebiduneko elkarteko kideak azpimarratu du eskualde honetan borondate politikoa dela eskas. "Hautetsiak ez dira aditzen, eta euskaldunen hitza haizeak du eramaten, mendira eta itsasora". Sustengu eta batasun zabal batek baizik ez duela Ipar Euskal Herrirako hezkuntza publiko sendo eta duina bermatuko argi du elkarteak. "Korsikan, lurralde kolektibitateak du Korsikarren boza Parisen entzunarazten eta borrokatzen, [Ipar] Euskal Herriak ere horrelako tresna bat beharrezkoa du", uste du Thierry Delodelek.