Kazeta

Baigorriko postaren aldeko borroka bizirik

Departamenduko hauteskundeen karietara Baigorriko postaren inguruko galdeketa egin ondoren, ibarreko auzapezek ez dute berririk ukan. "Presioa ez laxatzeko" helburuarekin, Postaren zuzendaritzari idazteaz gain, prefeta eta suprefetarekin biltzeko eskariak egin dituzte. Halaber, maiatzaren 30an Baigorritik Pauera joanen den autokarabana bat antolatu da.

Maiatzaren 30an Baigorritik Pauera autokarabana bat antolatu da. Argazkia Sylvain SENCRISTO.
Maiatzaren 30an Baigorritik Pauera autokarabana bat antolatu da. Argazkia Sylvain SENCRISTO.

Martxoaren 22ko departamenduko hauteskundeetan Baigorriko postaren inguruko galdeketa bat antolatu zen. Populazioaren %62ak parte hartu zuen eta horietariko %98a zerbitzu publikoa mantentzearen alde agertu zen. Geroztik, Aldude, Banka, Urepele eta Baigorriko auzapezek ez dute berririk ukan. Horren ondorioz, posta Donibane Garazira eraman nahi duen proiektua aipatzeko, zuzendaritzari idaztea erabaki dute.

"Ibarreko hautetsiek ez dute presioa laxatu nahi". Baigorriko postaren aldeko borroka bizirik mantentzeko, Eskualdeko kontseilaria eta Postako Presentziaren Eskualdeko Komisioaren lehendakaria den Marie Pierre Cabanneri gutun bat idaztea erabaki dute. Auzapezek berekin eta Postaren zuzendaritzarekin elkartu nahi dute zerbitzuaren lekualdaketa aipatzeko.

Ibarreko auzapezek adierazpen baten bidez, Estatu frantsesak, auzapezen elkarteak eta Postak, "Postaren Lurralde presentzia 2014-2016" kontratua izenpetu dutela gogoratu dute. Hain zuzen ere, horrek landa eremuetan zerbitzuaren presentzia ziurtatuko luke.

Aldarrikapen ekintza

Halaber, beren kezkak adierazteko xedearekin, hautetsiek Pierre Durand prefeta eta Patrick Dallennes suprefetarekin hitzordu bat eskatu dute. Beren ustez, Postaren leku aldaketak tokiko garapen ekonomikoa oztopatuko luke.

Azkenik, agintariekin biltzea eskatzeaz gain, maiatzaren 30ean mobilizazio bat antolatuko da. Hau da, Baigorritik Pauera autokarabana bat abiatuko da eta deialdia sostengua erakutsi nahi duten herritar guztiei luzatu da.