Kattin Chilibolost

ELBk notarioen ardura salatu du

Laborariak lurraren espekulaziorako jukutrien salatzeko mobilizatu dira, Donibane Lohizunen.

 

ELBk deiturik, hamarka herritar bildu dira Donibane Lohitzuneko notario etxe baten aitzinean. @ Bob EDME
ELBk deiturik, hamarka herritar bildu dira Donibane Lohitzuneko notario etxe baten aitzinean. @ Bob EDME

Lurraren espekulazio praktiken kontra elgarretaratu dira apirilaren 30eko goiz honetan laborari eta herritar andana bat. Donibane Lohizuneko notario baten bulego pean, ELB, Lurzaindia, Lurra eta Etxebizitza kolektiboak eta hautetsiek notarioak berriki erreztu duen lur salmenta bat salatu dute.

Azkainen, 6 300 m²-ko lur zati bat 721 mila eurotik gora saldua izan da. Saltzailea, Azkaineko baratzezain bat. Eroslea berriz, urtean noiz behinkako auzoa. Lehen etxebizitza Parisen izanik, erosleak bigarren etxebizitzaren eremua handitu nahi omen du auzoetaz urruntzeko. Salmenta horren kudeatzerakoan, notarioak laborantza lur baten transakzioan baino sei mila euro gehiago irabazi ditu.

Laborariei lurraren birbanatzea helburu duen Safer erakundeak lur zati hori ezin izan du berreskuratu. Jabetzaren zati bat saldua izan da, "nue propriété" izenpean. Safer-ak kasu honetan ez du eskubiderik. Manifestatzaileen aburuz, Saferen eskubideen saihesteko geroz eta gehiago erabiltzen den jukutria juridiko bat litzateke. Aiherran, Arbonan, Amikuzen eta Hazparnen ere gauza bera gertatu dela gogoratu dute.

Notarioen bitartekaritza lana eta baratzezain saltzailearen jarrera atzera bota dituzte manifestatzaileek, herriaren garapenaren eta lurraren babesaren alde lan egin nahi duten laborarien mesedetan, lurraren espekulazioa bultzatzen dituzten trikimailu eta jarrera indibidualistak direlako.