Argitxu DUFAU

AHT: Gobernuak bere iritzia uda aitzin plazaratuko du

Apirilaren 30an, frantziar Estatuko Garraio, Itsaso eta Arrantza Estatu idazkaria den Alain Vidaliesek Ziburu bisitatu du. Hitzorduan, arrantza kuotak edo burdinbideko autobidea aipatzeaz gain, AHT proiektuaz mintzatu da.

Pas-de-Calais eta Tarnos arteko burdinbideko autobidearen proiektua bertan behera gelditu da. ©Bob EDME
Pas-de-Calais eta Tarnos arteko burdinbideko autobidearen proiektua bertan behera gelditu da. ©Bob EDME

Apirilaren 30eko goizean, Garraio, Itsaso eta Arrantza Estatu Idazkaria den Alain Vidalies Ipar Euskal Herriko kostaldean egon da. Ziburuko arrain saltokia bisitatu ondoren, itsasoko ofizioen lizeoan egon da. Bertan, salak bisitatu eta ikasle zein irakasleekin elkartu da. Horretaz gain, gaurkotasunezko gaiak aipatu ditu: arrantza kuotak, burdinbideko autobidea eta AHT proiektua. Pirinio Atlantikoko suprefeta, Sylviane Alaux diputatua edo Frédérique Espagnac senatorea ere hurbildu dira hitzordura.

Estatuko Idazkariak, AHTri buruz galdezkatua izan denean, gobernuak bere iritzia uda baino lehen plazaratuko duela iragarri du. Ordura arte proiektuarekiko jarrera zein den ezingo da jakin: "prozeduran bete-betean gira. Gaur egun, ezezkorra den txostena dago, baina orain Estatu frantseseko burdinbide obralariak iritzia emaiteko lau hilabeteko epea du", zehaztu du Vidaliesek.

"Iritzi guztiak kontutan hartzen ditugu, ez dira bakarrik kontra diren pertsonak. Dosierra guztientzat gauza berdina egiten dugu eta prozedura berdina segitzen dugu", gehitu du.

Idazkariak berritasun handirik ez du eman. Hala ere, gaurkotasun handia duen burdinbideko autobideaz mintzatu da. Hain zuzen ere, Pas-de-Calais eta Tarnos arteko burdinbideko autobide proiektua bertan behera gelditu dela baieztatu du. "Ideia ona zen, baina gunea oso desegokia zen. Juridikoki hunkitua izan den txostena da", adierazi du. Bere hitzen arabera, zirkulazioak biztanleriarengan eragin zuzenak izanen zituzkeen.

Hala ere, Vidaliesek proiektua ez dela abandonatua zehaztu du. Hemendik hamar egunera, Estatu espainiarraren Garraio Ministroarekin bildu behar da. Hitzorduan bi proiektuen arteko bateratze bat ikertuko dute. Terminala Gasteizen izanen litzateke.

Arrantza kuotak

Onditik, Alain Vidaliesek Ziburuko itsasoko ofizioen lizeoa bisitatu du eta ez da kasualitatea. Egindako bisitan zehar, itsasoko ofizioen garrantzia goraipatu du. Idazkariak aktiboak diren arrantzale kopurua kalkulatzea zaila dela aitortu du eta bere ustez, Europako kuotei lotutako arazoa da. "Estatu frantsesak hiru urteko kuotak finkatu nahi ditu eta horrek perspektiba hobea bat eskainiko luke".