Argitxu DUFAU

Sozializatu beharreko 10.000 enplegu klimatiko

Bizik etorkizunean politika ekologiko batek sortuko lituzkeen enpleguen txostena aurkeztu ondoren, ikerketa sozializatzeko helburua du. Jose Ramon Becerrak egindako ikerketak 10.000 enplegu klimatiko sortzen ahalko liratekeela dio.

Biziren ikerketa urririk lortzen ahal da interneten bidez. ©Isabelle Miquelestorena.
Biziren ikerketa urririk lortzen ahal da interneten bidez. ©Isabelle Miquelestorena.

Biziren eskakizunari erantzunez, Jose Ramon Becerra ingeniariak Ipar Euskal Herrian politika klimatiko batek sortzen ahalko lituzkeen enplegu kopuru eta motak ikertu ditu. Orotara 10.000 enplegutik gora sortzea aitzin ikusia litzateke. Ingurumenaren aldeko taldeak gizartean "ahal bezain bat" hedatuz txostena garatu nahi du.

"Ikerketa banatuko dugu ditugun baliabide guztiak erabiliz", adierazi du Biziko kidea den Jean-Noel Etcheverry, "Txetx"-ek. Elkarteak horretarako, hedapenaren lehen urratsak maiatzaren 1ean antolatu duen manifestaldi "alaitsu eta aldarrikatzailean" emanen ditu. Hitzorduan, ikerketa lau euroren truke banatuko da. Txostena Internet bidez urririk ere eskuratzen ahal da.

"Gizartean mugimendu bat sortzen saiatu behar da, bertatik eskakizuna egiteko eta botere publikoek iraultza horren berri ukan dezaten", zehaztu du Etcheverryk. Halaber, Biziko kideak urtean zehar informatzeko bilerak antolatuko direla iragarri du. Horietan aditu ekonomiko, politiko edo kulturalek parte hartuko dute. 

Ikerketa sakonean

"Txostena sakontzen segituko dugu, zehaztasunak bilatuz eta zorroztasunarekin lan eginez", gehitu du. Kidearen iritziz, "enplegu gehiago sortzen ahalko litzateke". Bide horretan segitzeko, Bizik gaian adituak diren pertsonei lanean parte hartzeko deia luzatu die.

Batez ere, ekonomistei edo ikasleei. Modu berdinean, laborantza, garraioa edo energiaren ezagutzak dituztenei. Bizik urte bateko epea finkatu du ikerketa sakontzeko.