Kazeta

Maiatzaren 1ean langileen aldarrikapenak lau haizetara

Maiatzaren 1ean, langilearen egunaren karietara mobilizazioak garaile izanen dira. Ipar Euskal Herriko puntu ezberdinetatik autokarabanak antolatu dira manifestazioetan parte hartzeko. LAB sindikatuak edo Bizi elkarteak hitzorduetan parte hartzeko deia luzatu dute.

LABek autokarabanak antolatu ditu Ziburuko martxarako.
LABek autokarabanak antolatu ditu Ziburuko martxarako.

"Langileok Borrokan. Euskal Herria aldaketaren bidean" lemapean LAB sindikatuak maiatzaren 1ean antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu du. Ipar Euskal Herriko puntu ezberdinetatik karabanak aurreikusi dira Urruña edo Baionan iraganen diren manifestazioetara ailegatzeko. Bizi elkarteak langilearen egunaren karietara, Baionan 10.30etan enplegu klimatikoen inguruko "manifestaldi alai eta aldarrikatzailea" antolatu du.

"Krisia aitzakiatzat hartuz, frantses estatuak kapitalaren eta nagusien aldeko neurriak hartzen segitzen du", adierazi du sindikatu abertzaleak. Bere iritziz, jarrera horrek "pobrezia, langabezia eta prekaritatea" emendatzeaz gain, lan baldintzak okertu edo zerbitzu publikoak pribatizatzen ditu.

Halaber, Gobernuak plantan jarri duen Macron legea gogorarazi du. Sindikatuak egoera hori "uzkailtzeko", Euskal Herrian tresnak behar direla uste du. "Langileen klase interesak defenditzeko eta eskubideak irabazteko, espazio sozio-ekonomiko iraunkorra eta negoziazio kolektiborako gune propioak behar ditugu", gaineratu du LABek.

Horretarako, maiatzaren 1ean Ziburun 11.00etan antolatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Hendaiatik (geltokian 10.15etan), Urruñatik (Farmazian 10.30etan), Senperetik (Netto-n 10.15etan) eta Azkainetik (Plazan 10.30etan) autokarabanak abiatuko dira mobilizaziora ailegatzeko.

EH Baik Baiona, Maule eta Ziburun manifestatzera deitzen du. Krisia langileei pagarazi nahi den momentu hauetan "denok batera gogor erantzutea datorkigu". Sakoneko aldaketa sozial eta politiko baten alde, EH Baik langile orori maiatzak 1 ko manifestatzioetan parte hartzera deia zabaltzen du.

FSU, CGT eta Solidaires sindikatuek osatzen duten intersindikalak langileen arteko zoin gehiagokak alde batera uztea eta elkartasunera deitzen du. Ekintza kolektiboa, emakumea eta gizona Estatuaren politiken muinean jartzeko baldintza aldarrikatzen dute. Austeritatezko politika eta intolerantzia zein bazterketa forma guztien kontra eta aldaketaren alde, Baionan (10.30ean, Saint Ursule Plazan), Hendaian (11.00etan, herriko etxean) eta Maulen (10.30ean, zerbitzu gunean), manifestatzera deitzen dute.

Enplegu klimatikoak

Aldarrikapen giro hori ere Biziren eskutik Baionako karriketan islatuko da ere. Maiatzaren 1erako ingurumenaren aldeko taldeak 10.30etan "alaitsua eta aldarrikatzailea" izanen den manifestazioa antolatu du. Hain zuzen ere etorkizunean sortzen ahal diren 10.000 enplegu klimatikoen aldeko mobilizazioa izanen da.

San-Ezpiritu zubitik abiatuko den martxak Ipar Euskal Herrian politika klimatiko zehatz batek sortzen ahal dituen onurak azpimarratuko ditu. Jose Ramon Becerrak aitzina eramandako ikerketa eskuragarri izanen da.

Ondotik, antolatutako "enplegu klimatikoen besta handian", bazkari herrikoia, hitzaldia edo kontzertuak antolatu dira.