Iurre BIDEGAIN

Laborari txikiak indarrak batuz, haundiak bilakatzen dira Gobernuaren aitzinean

Estatu frantsesetik etorritako laborariak aurrez-aurre egon dira Laborantza ministroa den Stéphane Le Foll-ekin. Anitzak izan dira eztabaidatutako gaiak, baina laguntza ekonomikoen banaketa edo nekazaritzaren industrializazioaren aitzinean, etxalde txikiek sufritzen duten "urgentziazko egoera" aipatu dituzte batez ere.

Izpuran antolatutako kongresua. ©Isabelle Miquelestorena
Izpuran antolatutako kongresua. ©Isabelle Miquelestorena

Apirilaren 23an, Izpurak Confédération Paysanne sindikatuaren kongresua errezibitu du. Estatu frantsesetik etorritako laborariek, bertan parte hartu duen Stéphane Le Foll ministroaren aitzinean beren kezkak adierazi dituzte. Horien artean, TAFTA hitzarmena, etxalde txikien egoera edo Gobernuak laborantzari ematen dizkion laguntza ekonomikoen banaketa.

Zalantzak, adierazpenak eta aldarrikapenak. Haserrea nabaritu da kongresuan. Uharte Garaziko etxalde bat bisitatu ondoren, parte hartzaileak Faustin Benta Berri salara hurbildu dira. 11.00ak aldera publiko artean entzundako zurrumurruek Stéphane Le Foll Laborantza ministroaren heltzea iragarri dute. Agintarien hitzartzearen ondotik, ministroa etorritako 300 bat laborarien kezken aitzinean aurrez-aurre egon da.

Hitzorduari hasiera eman ondoren, Jean-Jacques Lasserre Departamenduko kontseiluko presidente berriak mementoz definituak ez diren eskualdeen ahalmenak gogorarazi ditu; "laborantzaren ondoan egon nahi dugu", gehitu du.

Publikoen txaloek Confédération Paysanne sindikatuko bozeramailea den Laurent Pinatelen diskurtsoari hasiera eman diote. Hunek Le Follen eginbeharrekin laborariak "deskontentak" direla azpimarratu du. "Brusela eta Parise artean, beste laborantza bat sortzeko anbizioa desagertu da. Inposatzen diguten politika baten kontra borrokatu behar dugu", adierazi du.

Etorkizunezko arriskuak

Pinatelek "loi d'Avenir" legeak industrializazioa eragingo duela azpimarratu du eta horrek "laborarien desagerpena" ekarriko duela uste du. Ipar Euskal Herriko nekazaritzaren egoera goraipatu du, tokiko laborantzaren garapenaren eredua dela uste duelako. "Ministroa, frogatu behar diguzu kuraia duzula", bukatu du.

Stéphane Le Foll-ek "kuraia lekzioak ez [ditu] onartzen". "Nere betebeharra gizartearen parioei erantzutea da. Horretarako, etxalde txiki eta handien arteko dimentsio kolektiboa kontutan hartu behar dut". Agintariaren iritziz, laborantza eta ekonomiaren arteko lotura ezinbestekoa da, "nekazaritzaren gibelean soldatak badirelako". "Etxaldeetatik ateratako ekoizpenaren transformazioa ez dute bakarrik laborariek egiten. Soldatadunak badira gibelean; sistemaren parte da", gehitu du.

Laborarien aldarrikapenak

Publikoari hitza uztean, anitzak izan dira aipatutako problematikak, horien artean etxalde txikien "bereizkuntza". Laborari batek bere egoera azaldu ondoren, ministroak "dimentsioaren arabera, etxalde txikien kontzeptua definitu behar" dela uste du. Horri lotuta, sindikatuko lehendakari eta ELBren kidea den Mikel Hiribarrenek, definizioaren gaia tratatua izan dela gogoratu du, "baina erantzun ezaren aitzinean, borondate politikorik dagoenez jakin nahi" dute.

Eztabaida bizia eta gero, sindikatuko bozeramailearen ustez, "ministroa bere politika defendatzera etorri da, gurea ez dena". "Guk bere politikan izandako aitzinamenduak azpimarratu ditugu, baina berak bide motza hartu du eta batzuetan klixeetan oinarritu da", adierazi du L. Pinatelek.

Gisa berean, Hiribarrenen ustez, "eztabaida ona" izan da, baina "ekarpen gutxi izan ditu gure nekazaritzarendako". "Ministro hunek ez du egin behar zuen guztia egin, eta ez zaio gustatzen erraten diogularik", esplikatu du.