Kazeta

"Gerezien Denbora" pastoralaren aztarnak Etiopikoak festibalean

Apirilaren 22tik 26ra Baionan iragaiten den Etiopikoak festibalak arteari lotutako hitzorduak proposatzen ditu. Besteak beste, erakusketak, eztabaidak edo kontzertuak ikusten ahalko dira. Lau eguneko egitaraua "Gerezien Denbora" pastoralaren aztarnei lotutako ekitaldiekin bukatuko da.

Gerezien denbora pastorala (Sylvain Sencristo)
Gerezien denbora pastorala (Sylvain Sencristo)

Etiopikoak festibala musika, gaurkotasuna eta artearen topaketa bilakatu da. Arlo guztietako eta mota anitzetako hitzorduak Baionan bilduko dira, apirilaren 22tik 26ra. Lehen egunetik erakusketak ikusteko parada eskaintzeaz gain, bigarren egunean ingurumenaren inguruan eztabaidatuko duen Forum 21ean parte hartzen ahalko da. Azken egunean, "Gerezien Denbora" pastoralari lotutako ekitaldiek aurtengo edizioari bukaera emanen diete.

Lehen egunean, Etiopikoak festibalak Ama Lurra omenduko du. Nahiz eta aktibitateak Baionako mediatekan 11.30etatik aitzina hasiko diren, 19.15etan artistek, laguntzaileek eta partaideek festibalari hasiera ofiziala emanen diote.

Apirilaren 23an, ostegunarekin, kultura ospakizunak Baionan antolatutako Forum 21 hitzorduarekin bat eginen du. Herriko etxeak Agenda 21en barnean antolatutako egunak ingurumenaren gaia aztertuko du. Halaber, Maurice Rebeix edo Beñat Achiaryk Lakotas deitutako indianoen gizartea eta euskal kulturaren arteko lotura aztertuko dute.

Arratsaldean, besteak beste, "Departamenduan aldaketa klimatikoak izandako eraginak" txostena aipatuko dute. Apirilaren 24an, "Arbolaren eguna" ospatuko da. Egunean zehar biodibertsitatea edo oihanei buruzko mintzaldiak antolatuko dira.

Testigantza eta kantuak

Larunbatean, igandean protagonismo handia izanen duen pastoralari lotuta, 15.00etan mintzaldi berezi bat antolatu da. Iñaki Uriarte arkitektoak eta Unai Alonso produktoreak "abandonatutako industriaguneen aitzinean" plazaratuko dituen sentimenduen filma bat eskainiko dute. Gauean, Baionako antzokian Ruper Ordorikaren kontzertua ikusteko parada izanen da.

Azken egunean, "Gerezien Denbora" pastoralak egitarauari bukaera emanen dio. Baionan eta Bilbon arrakasta handia izan duen ikusgarriak industrializazioaren aroarekin zerikusia du. Gaiari lotua, Bilboko eta Tarnoseko testigantzak entzuten ahalko dira. 16.00etatik aitzina, pastoralean atzemaiten diren kantuak eskainiko dira.