Iurre BIDEGAIN

Epaileek urgentziazko errekurtsoa errefuxatu diote Oier Oari

Oier Oak urgentziazko errekurtso bat jarri du Saint-Germain-en-Layen asignatua izan ondoren bizitzen duen egoera salatzeko. Berehalako epaileek bere kasuan "urraketarik" eta "urgentziarik" ez dagoela kontsideratu dute.

Oier Oa Saint-Germain-en-Layen herriko gazteluan.
Oier Oa Saint-Germain-en-Layen herriko gazteluan.

Apirilaren 4an Oier Oa aske gelditu ondoren, Saint-Germain-en-Laye (Parise ondoan) asignatua izan da; Euskal Herritik 800 kilometrotara. Euskal presoak bere asignazioarekin bizitzen duen egoera salatzeko, "urgentziazko errekurtso" bat jarri du auzitegi administratiboan eta apirilaren 21ean "urgentziazko audientzia" iragan da. Oak berehalako epaileek abokatuak egindako eskaera errefuxatu dutela adierazi du.

Oier Oaren abokatua den Xantiana Cachenautek esplikatu duenez, Estatu frantseseko justiziak urgentziazko egoera denean, urgentziazko errekurtsoa jartzeko eskubidea eskaintzen du. Jarritako errekurtsoaren azterketak denbora asko hartzen duenez, "urgentziazko" izaera duen eskakizun bat egin daiteke, "berehalako epaileek" baldintzak azter ditzaten eta beharrezkoa kontsideratzen badute, egoeraren larritasuna arintzeko neurriak har ditzaten.

Ezarritako urgentziazko errekurtsoa bi ardatzetan oinarritu dela adierazi du Oier Oak. Alde batetik, urgentziazko eskaera bat egitea baldintzen berrikuspenaren inguruan; "Gure ustez ilegala da pertsona bat lanik gabe, etxerik gabe eta laguntzarik gabe uztea". Bestalde, "lotura familiarraren gaia eta horrek suposatzen duena".

Erantzun ezezkorra

Jasotako erantzuna "lehorra eta motza" izan da. "Erantzun digute urgentziazko eskaeraren beharrik ez dagoela, finkatutako asignazioa legala delako eta legala den heinean, ez dagoela inolako urgentziarik". Halaber, lotura familiarrari dagokionean, "familiarekin bizitzeko debekurik ez" duela erantzun diote. Xantiana Cachenautek adierazi du berehalako epaileek ez dagoela eskubideen urraketarik kontsideratzen dutenez, "ez dira sartu urgentziaren izaera aztertzera".

Erantzuna jaso ondoren, errekurtso prozedura arruntaren epaiketaren data itxoiten dute. "Hala ere, audientzia nola joan den ikusita, epaiketa nola joango den ere argi da. Guk hau egin dugu tenperatu hartzeko. Hemendik pasa behar zen", azpimarratu du Oak. "Frantziak estutzen gaitu. Pertsona arriskutsu bat bezala tratatzen nau", gehitu du preso ohiak.

Oak paraleloki beste bide batzuk aztertzen dituela iragarri du. Alde batetik,  Estatu espainiarrean dosierra irekia du "Segiko kide" izateagatik. "Dosierra artxibatzean, Frantziak segidan expulsatuko ninduke eta Hego Euskal Herrira joaterik banuke. Baina ez dakigu gertatuko den edo zenbat denbora hartzen ahal duen horrek", zehaztu du Oak. Bestalde, Estatu Frantseseko debekua kentzeko errekurtsoa jartzea da bigarren posibilitatea.