Kazeta

Tram'bus garraioak: zirkulazio arazoen aterabidea

Euskal Aturriko eskualdeak 2019. urterako Tram'bus proiektua plantan jarriko duela iragarri du. Tram eta autobusa tartekatuko dituen garraioak BAB zonaldean arituko dira. Biziren ustez, proiektua "zirkulazioaren baldintzak hobetzeko" beharrezkoa da. Mota huntako ideien garapena sustengatzeko, elkarteak maiatzaren 30an bizikletaz ibiliko den mobilizazioa antolatu du.

Tram'bus proiektuaren aurkezpena. Argazkia Euskal Aturri eskualdea.
Tram'bus proiektuaren aurkezpena. Argazkia Euskal Aturri eskualdea.

Euskal Aturri eskualdeak Tram'bus izeneko garraioen obrak 2016. urtean hasi eta 2019rako bukatuak izanen direla iragarri du. Proiektuak hiru helburu ditu: ekonomikoa, ingurumenaren aldekoa eta BAB inguruan metatzen diren autoen kopurua zatitzea. Bizik egitasmoa "hurbiletik segituko" duela iragarri du. Bere iritziz, horrelako ideiak beharrezkoak dira zirkulazioak eragiten dituen arazoak konpontzeko.

Tram'bus proiektu huntan hibridoak izanen diren bi linea sortuko dira; orotara 25.2 kilometroko ibilbidea. Alde batetik, iparraldetik hegora joanen dena. Hau da, Baionako iparraldetik, Biarritzeraino. Bestalde, ekialdetik mendebaldera: Tarnoseko zentrotik, Baionako hegoalderaino.

Eskualdeak, proiektu hunek bi hiriburu nagusien zirkulazioa hobetuko duela adierazi du. Halaber, ideia 2019. urtean bukatzeko 130 milioi euroko aurrekontua prestatu du. Horietariko 38 milioi finantziazio parte hartzaile publikoarenak dira. Halaber, eskualdeak 15 milioi euro inbertitu beharko ditu eta azkenik, garraioen sindikatuak 92 milioi euro.

Hitzordua Bizirekin

"Horrelako proiektuen garapena eskualde huntan lehentasunezkoa izan behar da, jakinez gasen %40a emititzen dela", azpimarratu du Alternatibako kidea den Iban Grossierek. Halaber, heldu den apirilaren 17an eskualdeko lehendakaria den Jean-René Etchegarayekin elkartuko direla iragarri du. "Arretan handia jarriko dugu proiektua noiz martxan jarriko den jakiteko", gehitu du kideak.

Beste garraio alternatiboen eta autobusen proiektuen garapena sustengatzeko, maiatzaren 30an Bizik bizikletaz eginen den mobilizazioa antolatu du. Euskal Aturri Eskualdeko egoitzatik 15.00etan abiatuko da.