Iurre BIDEGAIN
Elkarrizketa
Oier Oa
Euskal preso ohia

Oier Oa: "Estatu frantsesak kateaturik eduki nahi gaitu"

Oier Oa apirilaren 4ean aske gelditu ondoren, Saint-Germain-en-Laye herrian asignatua izan da; Euskal Herritik 800 kilometrotara. Egun hauetan "askatasuna erdizka" bizi du eta "ilegala den asignazioagatik", salaketa jartzea erabaki du. Haren egoeraren berri emaiteko, apirilaren 11n Larresoron 17.00etan manifestaldia antolatu du sustengu komiteak.

Oier Oa Saint-Germain-en-Laye herriko gazteluan.
Oier Oa Saint-Germain-en-Laye herriko gazteluan.

Apirilaren 4an aske gelditu ondoren, nola sentitzen zira ?

Pixka bat berezia da egoera, baina pozik sentitzen naiz. Askatasuna erdizka bizitzen dut. Atera eta panorama bitxia eta konplikatua topatu dut. Orain, mila gestio egiten ari naiz eta azkenean eginbehar askorekin nabil.

Askatasuna erdizka, ateratzean egoera horri aurre egin beharko zenuela kontziente zinen ?

Bai. Atera aurretik bagenekin asignazioa biziko genuela. Baina normalean egoera horretan aurreikusia zen Administrazio frantsesak bizileku bat eskaintzea eta gero hilabetean nolabaiteko laguntza ekonomikoa ematea. Aurreikuspen hori ez da bete. Atera naiz eta ez dute laguntza ekonomikorik, etxebizitzarik, ez lanik eskaini. Ez dut bizi bat egiteko inolako baldintzarik. Gainera oso burgesa eta oso turistikoa den hiri batean asignatu naute. Kostu ekonomikoa ikaragarrizkoa da; familiak eta inguruan ditudanak laguntzen ari zatzaizkit. Aste baterako hotela pagatu behar izan dut, 450 euro ordaindu ditut. Soluzio bat topatu nahian gaude, baina astero ezin dugu diru hori ordaindu.

Toki ezezagun batera iritsi eta zerotik hasteko behar horretan, nola hasi zira ?

Senideek hasieran dirua eman didate. Egia esan, Parisen sostengu komite bat dago eta haiek etorri dira laguntza eskaintzera. Ikusiz egoera hain surrealista dela, bizitza normal bat egin ahal izateko, gaur bertan [apirilaren 9an] asignazio hau ilegala dela erranez salaketa bat jartzea erabaki dugu. Gainera nire senideak Larresoron ditut, han lana badut, etxebizitza bat; behar den guztia bizi bat egiteko. Salaketa jarriko dugu eta ea ondoko egunetan zer erabakitzen den.

Justiziapean ez zaudenez zein egoeran zaude, noren erabakiaren menpe zaude ?

Atxilotu nautenean 2012an segidan Espainiak euroagindu baten bitartez, nire entrega galdegin dio Frantziari. Versailleseko epaileak erabaki du euroagindu hori ez onartzea, eskaera hori Segikoa izateagatik egin dela esaten duelako. Kide izatea lurralde frantsesean ilegala ez denez, ez dago aski argumenturik euroagindu hori gauzatzeko. Orduan, errefusatu dute euroagindua. Nik presondegian jarraitu dut eta ondoren erakundeko kide izateagatik Frantzian epaitu naute. Kondena lau urteko espetxe zigorra izan da eta Frantziako lurraldean egoteko debekua. Nola Frantziatik kanporatu behar nauten, baina era berean Espainian Segiko auzia zabalik dudan, ni babestea behartuak aurkitzen dira. Beraz aurkitu duten modua ni leku batean asignatzea da. Gauza da epaileak ni babesteko erabakia hartu duela, baina barne Ministeritzak minimoki behar ditudan bizi baldintzak ez dituela eskaintzen. Disfuntzioa dago.

Nola esplikatzen duzu zure egoera, zure ustez Estatu frantsesaren logika berri bat da ?

Ez da logika berri bat. Ez naiz lehenengo kasua. Egia da horrelako hamaika kasu ez direla izan. Nik esango nuke frantziar Estatuak betiko errepresio zurrunbiloetan segitzen duela eta hor kateaturik eduki nahi gaitu. Justiziak bere gerraren tresna bat bezala euskal presoak istrumentalizatzen ditu. Betiko logikan segitzen dugu.

Egunero komisaldegira hiru aldiz izenpetzera joan behar zara eta gaueko ordu batetik aitzina ezin zara etxetik atera. Nola planteatzen duzu zure bizia ?

Jartzen dugun salaketarekin, juridikoki zein bide eginen den itxoingo dut. Politikoki mugimendu bat sortzen ari da, larunbatean Larresoron manifestaldia bada eta hainbat hautetsik prefetarekin biltzeko hitzordua galdetu dute. Hortik zer lortzen den ikusi nahi dut. Erantzun argiagoak ditugunean, erabakiko dut zer egin. Anartean iniziatiba horiek zer emaitza ematen duten zain nago.

Ipar Euskal Herrian sostengu handia sortu da, nola jaso duzu sostengu hori ?

Pozik hartzen duzu babes hori. Hala ere, nik uste dut behin eta berriz [Euskal preso politikoen] Kolektiboak modu parte-hartzailean ikuspegi kolektibo batetik gauzak konpontzeko borondatea agertu izan duela. Azken batean perspektiba orokor bat izan behar da. Euskal presoen eta iheslarien arazoa bere osotasunean konpondu behar da.

Iparraldean, egia da, alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozialen artean akordio bat sinatu zela, Baionako ituna bezala ezagutua dena. Nik uste dut dagoen inpotentzia eta frustrazioa, itun hori indartzeko bideratu behar dela. Mobilizazio eta dinamika ezberdinen bitartez, herri gisa, Pariseri presioa egiteko. Nere adibidea, beste eskubide urraketa bat den heinean, sortzen diren dinamikak ekarpen bat gehiago egiten dueno, ongi etorria izan dadila.