Naiz

Sarek "ustekabeak" ez diren istripuak salatu ditu

Sare kolektiboak euskal presoen senideen urteko lehen istripua salatu du, gogora ekarriz kasualitatea edo zorte txarra ez direla, baizik eta «dispertsioa espetxe politika krudela eta kontzienteki norbaitek hala erabakitako neurri bat» dela.

Adur Fernandez preso donostiarraren lagun batek izandako istripua. Argazkia: Etxerat.
Adur Fernandez preso donostiarraren lagun batek izandako istripua. Argazkia: Etxerat.

Sarek dispertsioaren eraginez gertatutako lehen istripua salatu du. Kolektiboaren iritziz, «espetxe politika bidegabe batek» behartzen ditu senide eta lagunak «ordu txikitan esnatzera, nekea gorputzean dutela ordu luzez gidatzera, kilometro andana egitera, guzti horrek errepideetan barrena dakartzan ondorio guztiekin».

Hau dela-eta, azpimarratu egin dute, erantzuleak dituela: «Ez da kasualitatea, ez da zorte txarra eta ez da soilik estatistika kontua, dispertsioa espetxe politika krudela eta kontzienteki norbaitek hala erabakitako neurri bat da».
 
Zentzu honetan, dispertsioarekin eta istripuekin amaitzea eskatu du Sarek. «Antola gaitezen, sor dezagun sare bat, eman diezaiogun indar batak besteari, eta bultza dezagun denok norabide berean», aldarrikatu dute ohar batean.

Mobilizazioak
 
Gatazkaren konponbidean aurrerapausoak ematea eskatu dute. Horregatik, deialdieta batzeko gonbitea luzatu dute. Azkenik, bide honetatik, apirilaren 18 eta 19an izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote gizarteari.