Iurre BIDEGAIN

Jon Anzaren kasuan Estatu frantsesaren erantzunkizuna auzitara eramana

Apirilaren 1ean, Pariseko epaitegiak Jon Anzaren familiak Estatu frantseseko justiziaren kontra ezarritako helegitea aztertuko du. Senide eta abokatuak Estatuaren erantzunkizuna auzitara eramanen dute. Audientziaren egun berdinean, Donostiako bulebarrean 12.00etatik 20.00etara Anzaren omenez elkarretaratze bat antolatu da.

Jon Anzaren senideek eta abokatuak Baionan egindako agerraldia.
Jon Anzaren senideek eta abokatuak Baionan egindako agerraldia.

Heldu den apirilaren 1ean, Pariseko epaitegiak Jon Anzaren kasuan Estatu frantsesaren erantzunkizuna aztertuko du. Maritxu Paulus Basurco abokatuak kasuaren ikerketan agertutako "faltak ezin onargarriak" direla azpimarratu du. Horregatik Estatuaren ardura onartua izaitea aldarrikatu du. Baionan eskainitako prentsaurrekoaren bidez, Jean François Lefort Sortuko kideak "Estatu frantsesa kondenatua izaitea" espero duela adierazi du. 

Jon Anzaren kasua eramaiten duen Maritxu Paulus Basurco abokatuak, 2014. urtean Estatu frantsesari errespontsabilitatearen gaineko helegite bat ezarri zion. Nahiz eta justiziak Anzaren kasua sailkatu, abokatu eta senideen lanari esker dosierra ez da lurperatua izan. Izan ere, ikerketa judizialak oraindik ez du argitu nolaz Jon Anzaren gorpuak, ETAko kideak, ia urte bat pasa zuen Okzitaniako Tolosako ospitale bateko hil ganbaran, nehork ezer jakin gabe. Anartean, haren familiak desagertua zela uste zuen. 2010eko martxoan ohartu ziren haren presentziaz ospitalean.

Inkekerketa judiziala Jon Anza desagertu ondoren, 2009. urteko maiatzaren 18an, ideki zen. Maritxu Paulus Basurcok ikerketan atxemandako hainbat falta komentatu ditu. Hain zuzen ere, bere hitzen arabera, desagerpena gertatu zenean, Baiona eta Tolosa bitarteko ospitale eta klinika guztiak galdezkatu zituen. Hauek Jon Anzari buruzko informazio eskaerentzat erantzun idatziak bidali zituzten; Tolosako ospitaleak salbu.

"Jakin dugu Tolosako ospitaleari egindako eskaera ez zela modu berdinean egin", gehitu du abokatuak. Hain zuzen ere, Baionako poliziak Tolosako poliziari lan hori egitea eskatu zion eta azken hau telefonoz jarri zen harremanetan ospitalearekin.

Abokatuak esplikatu duenez, bere deklarazioan, Tolosako poliziak "ez zekiela norekin hitz egin zuen" adierazi du eta bestalde, ospitaleak "dei horren berririk" ere ez du. "Falta horiek oso garrantzitsuak dira eta ezin dira onartu", azpimarratu du Paulus Basurcok.

Jon Anzaren defentsak Estatu frantsesaren erantzunkizuna aldarrikatzeaz gain, kalte-ordainak eskatuko ditu: 55.000 euro familiako kide bakoitzarentzat.

"Egiaren aldeko urratsak"

Jean François Lefort Sortuko kideak "hastapenetik bertsio ofiziala ez dela egia izan" azpimarratu du eta "emandako adibideek horrela frogatzen dute". "Frantses estatua kondenatua izaitea eskatzen dugu eta espero dugu lortuko dugula. Kondenatua baldin bada, agerian geldituko da borondate politiko bat bazela horren gibelean", aldarrikatu du Sortuko kideak.

Prentsaurrekoan, apirilaren 1ean Donostiako bulebarrean elkarretaratze bat eginen dela iragarri dute. Hain zuzen ere 12.00etatik 20.00etara auzo elkarte eta eragile politikoek ekitaldi batean parte hartuko dute.