Kazeta

Martxoaren 28an Donostian, "preso eta senideen defentsarako" manifestazioa

"Pastor" operazioan burututako lau atxiloketen karietara, eragile politiko, sozial eta sindikatuek martxoaren 28rako Donostian manifestazio bat antolatu dute.  Bake Bideak, "Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera" lemapean iraganen den hitzordura joaiteko deia luzatu du.

Etxeratek Donostian eskainitako prentsaurrekoa.
Etxeratek Donostian eskainitako prentsaurrekoa.

Martxoaren 25an "Pastor" operazioaren karietara, Guardia Zibilak Hego Euskal Herrian lau pertsona atxilotu ditu. Oihana Barrios, Fernando Arburua, Izaskun Abaigar eta Nagore Lopezen atxiloketak salatzeko, Etxeratek eta senideek manifestazio baterako deia luzatu dute, eta Bake Bideak deiarekin bat egin du. Martxoaren 28an Donostian, "Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera" lemapean "errepresio egoera" salatuko da.

"Lau lagun izan dira atxilotuak elkartasunetik, presoen eskubideen alde lan egiteagatik", adierazi du Etxeratek. Halaber, joan den otsaileko operazioak defentsa juridikoaren kontra jo zuela gogoratu du, baina martxoaren 25eko operazioak "osasun eskubidearen kontra egin du".

"Ezin gaituzte senide izategatik atxilotu baina gure elkartea, gure etxea den Etxerat kriminalizatu dezakete", aldarrikatu du presoen aldeko taldeak. Etxeraten ustez, EAEko lehendakariarekin eta Bruselara egindako bidaiatik elkartea "kriminalizatzeko kanpaina" hasi zen. Horren aitzinean, "mendeku politikoari aurre egiteko topagunea" dela gogoratu du.

Bake Bidearen iritziz, atxilotutako pertsonak "gatazkaren konponbidean engaiatuak diren euskal jendarte zibilekoak" dira eta "bake desmartxa honetan aktiboki inplikatuak dira".

Giza eskubideen defentsa

Iragandako operazioekin, Etxeraten iritziz "ez dute konponbiderako pausu berririk eman nahi", baina taldeak "konponbidearen bidetik jarraituko" du. "Salatu beharrekoa salatzen eta guztion ardura giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzen".

Horretarako, martxoaren 28an Donostian "Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera" lemapean mobilizazio bat antolatu da. 17.00etan hasiko den hitzorduan, Euskal Herriko eragile politiko eta sozial ezberdinak bilduko dira.

Bake Bideak ekitaldian parte hartzeko deia luzatu du ere. Mugimenduaren iritziz: "Espainol eta frantses Estatuek erabiltzen duten blokeaketa eta etengabeko errepresio postura hau bake prozesuarentzako oztopoa baizik ez da, errealitatetik kanpo da eta ez dio inolaz ere jendarte zibilaren itxaropenari erantzuten".