Kazeta

Nazioarteko 24 eragilek Otegiren askatasuna eta dispertsioaren bukaera exijitu dute

Friendship taldeak sustatuta, martxoaren 24an Europako Parlamentuan "Otegi askatu, euskal presoak etxera" adierazpena aurkeztu da. Nazioarteko 24 eragilek itun hunekin bat egin dute; haien artean, Jose Mujica, Uruguaiko presidente ohiak edo Ken Livingstone Londreseko auzapez ohiak.

Fermin Muguruza, Martina Anderson (Sinn Féin) eta Brian Currin. Argazkia @zalduariz.
Fermin Muguruza, Martina Anderson (Sinn Féin) eta Brian Currin. Argazkia @zalduariz.

Bruselako Adierazpenaren 5. urteurrenaren karietara, Euskal Herriaren bakea eta demokraziaren aldarrikapenak Europako Parlamentura itzuli dira. Friendship taldeak sustatuta, martxoaren 24an "Otegi askatu, euskal presoak etxera" adierazpena aurkeztu da. Nazioarte mailan garrantzia handia duten 24 eragilek itun hunekin bat egin dute.

Besteak beste, Slavoj Zizek filosofoa, Leyla Zana giza eskubideen ekintzailea, Tariq Ali idazlea, Desmond Tutu, Mairead Maguire eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak. Haien artean Fermin Muguruza musikaria zutela, "dispertsioaren amaiera eta euskal presoen askatasuna" eskatu dute.

Muguruzak adierazpena irakurri du eta bertan Otegiri erreferentzia eginez, "bakea eta demokraziarentzat arriskuak hartu zituen pertsonaren askatasuna" aldarrikatu du. "Bake iraunkor eta bidezkoarentzat baitezpadako pausuak dira".

Bake bidetik

Aurkeztutako ituna hasten da azpimarratuz: "euskal mugimendu independentistak aurrekorik gabeko eztabaida sakona abiatu eta baketsuak eta demokratikoak diren bideen aldeko apustu sendoa" egin zuela. Ondotik, Aieteko Adierazpena eta ETAren jardun armatuaren bukaera gauzatu ziren.

Desmond Tutuk Otegi "bake prozesuaren liderra" bezala definitu du eta "bake bidetik egindako apustuak bere atxiloketarekin" erantzunak izan zirela kritikatu du. Halaber, adierazpenak 500 euskal presoek bizitzen duten egoera larria gogoratu du. "Euskal Herritik urrun diren espetxeetan atxilotuak, askotan inkomunikatuak, errealitate honek gainera familientzako zigor bat suposatzen du, hauek beren senideak bisitatzeko distantzia handiak egitea behartuak direlako".