Charlotte Chory

Korrika : pasatu dugu "Ekuatorea"

Nahiz eta euria ez den gelditu, Korrikak bere bidea Bizkaian segitu du. Eta aro txarrak ez dio iguzkiari tokirik utzi baina bidean zehar ikusi dugunak berotu gaitu.

Korrika Uribe Kostan. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
Korrika Uribe Kostan. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

Goizetik, Mungiako (Bizkaia) Larrauri auzoan, herritar multzo batek xokolate esne goxo bat prestatu zuen bixkotxa batekilan jateko. Korrika heien herritik pasatzen den aldi guziz ohitura hori hartu dute belaunaldi guzietako herritarrek. Lan eguna izanki, guk herriko zaharrenak ditugu ikusi bakarrik. Haiek ere bizkarrekoa eman zuten eta plazer haundiarekin gurekin solastatzeko denbora hartu zuten.

Atzo ere herriak pasatzean, eskola, ikastola, instituto eta haurtzaindegietako haurrak Korrikari lotzen ziren eta haien bizkarrekoek kolorezko xingola bat egiten zuten bidean.
Momentu inportanteenetariko bat izan da, dudarik gabe, 1 250. kilometroa. Hor, Korrikaren erdi erdian aurkitzen baikinen. «Ekuatorea », erraiten duten bezala, han pasatu dugu. 19. Korrikaren bostgarren egunarekin jadanik erdia eginik.

Bidaia segitzean beste momentu eder bat izan da arratsalde erditsuan, Getxoko Erromo auzoan. Omenaldi bat egin diete Lurdes Artetxe eta Joseba Kampo bikoteari. Biek laguntza handia ekarri zuten, Lurdes Aek-ko langile eta Joseba Korrikako sortzaile gisa. Haien lagun on batek, Urtsa Erastik, du lekukoa hartu eta bere ondoan bikotearen seme alabak zeuden. Haiek dute, lekukoa eskuetan, kilometroa bukatu.

Arratsalde erditsuan, Bilbo aldean, Erandiotik etorri da Korrika. Barakaldo luzaz portu industrial bat izan bada ere, anitz berritu dute eta euskararen alde lan bera egitea entseatzen dira herritarrak, euskal egiturak eta elkarteak sortuz. Korrika pasatzeak garrantzi handia zuen horko biztanleentzat. Treinerak begiratzen genituela, emazte zahar bat guregandik hurbildu da eta malkoak begietan lehen Korrikaren oroitzapenak ekarri ditu gogora. Berak garai hartan ikasi zuen euskara, bere burasoak industrian lan egiteko etorri ziren Euskal Herrira, Barakaldoko jende anitz bezala. Harentzat, beharrezkoa zen Korrika hortik pasatzea.