Kazeta

Lau atxiloketa, presoen aldeko taldeen kontrako operazioan

Guardia Zibilak lau pertsona atxilotu ditu "Pastor" deitutako operazioan; euskal presoen aldeko taldeen kontrako "Mate" operazioaren jarraipena. Atxiloketak Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroan gertatu dira.

Guardia Zibilak Oihana Barrios atxilotu du Iruñean. Argazkia (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)
Guardia Zibilak Oihana Barrios atxilotu du Iruñean. Argazkia (Iñigo URIZ/ARGAZKI PRESS)

Guardia Zibilak, presoen aldeko taldeen kontrako operazio berri bat burutu du. Hain zuzen ere, "Mate" operazioaren jarraipena izanen litzateke. Atxilotutako bat Nagore Lopez da, Etxerateko bozeramailea. Duela hilabete bat Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu zen euskal presoen egoera aipatzeko xedearekin.

Bestalde, Kanpezun (Araban) Izazkun Abaigar atxilotu dute. Abaigarrek Bruselara bidaiatu zuen Etxerateko kideekin, dispertsioaren kontrako aldarrikapena Europako Parlamentuan entzunarazteko.

Halaber, Fernando Arburua eta Oihana Barrios atxilotu dituzte ere. Bi pertsona hauek Jaiki Hadi kolektiboko kideak dira; euskal presoen osasunaz okupatzen den taldea.

"Pastor" deitutako operazio hori, "Mate" operazioaren jarraipena da. Azken huntan, iragan den urtarrilean hamabi pertsona atxilotu zituzten, haien artean Aurore Martin eta Haizpea Abrisketaren abokatuak.

Bestalde "Mate" operazioa, "Jaque" operazioaren segida zen. Horretan EPPK taldeko zortzi pertsona atxilotu zituzten.